Hirugarren sektorea indartzeko 371.000 euroko balioan bonuak banatuko ditu Ordiziako Udalak
Bi bonu mota banatuko dituzte. Batetik, etxeetan herritarrek jasoko dituztenak, 20 euroko balioan. Bestetik, establezimenduek jasoko dituztenak, bezeroei deskontuak aplikatu ahal izateko.
Hirugarren sektorea suspertzeko eta indartzeko 371.000 euroko balioa duten bonuak bideratuko ditu Ordiziako udalak. Bi bonu sistema abiaraziko dituzte, etxeetan banatuko dituztenak eta establezimendu bakoitzari emango dizkiotenak. Biak, Eusko Jaurlaritzatik etor litezkeen beste kanpaina batzuekin bateragarriak izango dira.
Ordiziako Udalak, tokiko merkataritzaren aldeko apustu sendoa egin du eta herritarrak ere, bide horretara deitu nahi ditu. Bizi eta erosi herrian lelopean, herritarrak erosketak tokiko establezimenduetan egitera animatu nahi ditu.
Ekimenean parte hartu ahal izateko, hainbat baldintza bete beharko dituzte establezimenduek. Alarma egoeran ixtera behartuta egon diren, edo irekita egon arren, fakturazioaren %75a galdu duten establezimenduak atxikitu ahalko dira kanpainara. Bezeroak, segituan konturatuko dira, erakusleihoetan bereizgarri bat izango dutelako jarrita.
Adur Ezenarro Ordiziako alkateak horrela esan du: «Fidelizazio kanpaina ere ahalbidetuko du bonu sistema honek; bezero eta eroslearen artean zubiak eraikiz eta konfidantzazko erlazioak sortzeko aukera emanez».
Etxeetan eta establezimenduetan
Bonu sistemei dagokienez, Udalak argitu duen moduan, bi bonu mota izango dira. Batetik, Ordiziako etxebizitza guztietan, 20 euroko balioan, deskontu txartelak banatuko dituzte. Guztira, 4.650 bonu banatuko dituzte. Bost euroko, lau banatuko dituzte. Gutxienez, 15 euroko balioa duten erosketak egiteko erabili ahalko dira. Irailaren 30a arte izango dira erabilgarri.
Bestetik, establezimenduetan banatuko dituzten bonuak daude. Bost euroko 200 bonuko sorta bat emango dizkiote kanpainara atxikitzen den merkatari eta ostalari bakoitzari, bakoitzak haren bezeroen artean deskontuak eskaini ahal izateko; guztira, 1.000 euroko laguntza izango da Udalaren helburua da «ematen den laguntza ez dadila bere horretan geratu, eta efektu biderkatzailea izan dezatela salmentak sustatuta».
Ostalaritzaren kasuan edo bost euroko bonuak erabiltzeko zailtasunak izan ditzaketen toki haietan, «norberak bere kanpaina proposatu ahal izango du, 1.000 euroko laguntza hori bideratzeko. Hala nola, bonu txikiagoak eta pintxo-poteak, besteak beste.
Azkenik, herriko merkatariek eta ostalariek martxoaren erdialdetik orain arte izan duten jarrera txalotu du Ezenarrok: “Ez zait sekula ahaztuko Ordiziako ostalari gehienek gu guztiok babesteko martxoak 13-14erako ixtea erabaki zutela, oraindik horretara derrigortuta egon gabe ere. Gerora, egoera txarrenari irudimen eta kemen askorekin erantzun diote askok, etxera eramateko ekimenekin, asteazkenetako pintxo-potea ere etxean egiteko aukerarekin, etabarrekin”.