7.854 korrikalarik bete dituzte 42 kilometroak maratoi birtualean
Guztira 12.789 pertsonak eman dute izena Zegama Aizkorri birtualeko web orrian. Hamar egun izan dituzte parte hartzaileek 42 kilometroak nahierara egiteko
Joan den igandean ez zen Zegama Aizkorri maratoirik izan. Halere, Salomonek eta antolakuntzak proba birtuala jarri zuten martxan. Zegaman elkartu gabe, korrikalari bakoitzak bere etxetik egin du korrika: hamar egun 42 kilometroak egiteko. Bakoitzaren eta lagunen kokapena ikusi ahal izan dute proban aurrera egin ahala. Bukatuta, diploma jaso du korrikalari bakoitzak, eta datorren urterako dortsal bat ere zozkatu dute.
Bertan behera geratu den aurtengo edizioko izen emate kopurua ere gainditu du edizio birtualak. 2020ko Zegama Aizkorrin 12.564 korrikalarik eman zuten izena, eta korronabirusak eragindako ekimen birtualean 12.789 pertsonak egin dute erregistroa. Horietatik, 7.854 korrikalarik osatu dituzte maratoiko 42 kilometroak.
Solasaldia zuzenean
Igandean, mendi maratoia egin behar zuten egunean, Internet bidezko solasaldia prestatu zuten, Biel Rafols Salomoneko arduradunaren eta Depa korrikalariaren eskutik. Besteak beste, Eli Anne Dvergsdal norvegiarra eta Bartlomiej Przedwojewski poloniarra aritu ziren egoerari eta probari buruz hizketan.
Baten bat ere izan zen Aizkorri inguruan igandean: Oihana Kortazar korrikalari elgetarrak Sancti Spiritutik egin zuen zuzenekoa, eta Aritz Egea urretxuarrak igande goizean egin zituen 42 kilometroak, Zegaman bertan.
Ekimen arrakastatsua
Mendi maratoia izan ez den arren, lasterketa birtualak jendetza bildu du: «Ez genuen espero horrelako arrakasta izango zuenik», adierazi du Maialen Arizkorreta Zegama Aizkorriko komunikazio arduradunak. Erronka amaitu duten korrikalari guztien kilometroak batuta, 409.274 kilometro egin dira mundu guztiko hainbat tokitan banatuta: «Izugarria izan da».
Zegamatik hasita, puntu desberdinak desblokeatu behar izan dituzte korrikalariek, berriz Zegamara iritsi arte: Bidarte, Otzaurte, Beunda, Aratz, San Adrian, Sancti Spiritu, Aizkorri, Urbiako larreak, Andraitz, Mandabide eta Zegama.
Arizkorretak azaldutakoaren arabera, proba birtualak sekulako harrera izan du, eta bereziki nabarmena izan da leku batean: «Sareetan nabaritu dugu izugarrizkoa izan dela Latinoamerikan izan duen jarraipena».
Dortsala, Kosta Rikara
Maratoiko 42 kilometroak bete dituzten 7.854 pertsonen artean datorren urterako dortsal bat zozkatu du antolakuntzak. Kosta Rikako korrikalari bat izan da zozketaren irabazlea eta, beraz, 2021eko Zegama Aizkorrin parte hartzeko aukera izango du. Ordura arte itxaron beharko dute korrikalariek mendi probarako.