Festaz kanpoko jaiaren zalaparta
Dozenaka gaztek Mariren jaitsiera irudikatu izanak zeresana eman du herrian nahiz hedabideetan. Udalak gertaera gaitzetsi du eta inplikatutako zinegotziak kargua utzi du

Beasaingo Udalak Loinatz jaiak duela hilabete bertan behera utzi bazituen ere, festen aurreneko eguneko gertakariek hautsak harrotu dituzte. Ostiral gauean, dozenaka gaztek Mariren jaitsiera antzeztu zuten Zaldizurreta plazan. Biharamun eguerdian, udaleko bozeramaile batzordeak gaitzespen oharra argitaratu zuen, eta antzezpenean parte hartu zuen Maddi Imaz zinegotziak dimisioa aurkeztu.
Gertakaria ostiral gauean izan zen, 22:30ak aldera. Zaldizurreta plazako terrazetan jendetza zegoen. Halako batean, dozenaka gazteko taldea bildu eta Mariren jaitsierako pasarte bat antzeztu zuten, farola baten inguruan kalejira eginez, eta koronabirusagatik ezarritako segurtasun neurriak errespetatu gabe. Irudiak berehala zabaldu ziren sare sozialetan eta hedabideetan, eta harrabots handia sortu zen.
Udalaren gaitzespena
Larunbatean, gertakarien biharamunean, Udaleko Bozeramaileen Batzordeak ezohiko bilera egin zuen, «haserrea eta ondoeza» adierazteko. EAJ, EH Bildu eta PSE-EE alderdietako bozeramaileek onartutako adierazpenaren arabera, «jokabide hauek auzolotsa eta inpotentzia» sortu dute udal agintarien artean, batez ere, «etengabe herritarrei koronabirusaren hedapena prebenitzeko gomendioen eta arauen berri» ematen aritu eta gero. «Agerian geratu da kontzientziaziorako eta informazioa zabaltzeko ahaleginei entzungor egin diotela zenbaitzuk. Erakutsitako arduragabekeriak ez du inolako aitzakiarik eta jokaera hauek guztiz deitoragarriak dira».
Udal bozeramaileen oharraren arabera, «horrelako jarrera insolidarioek berriro gogora ekarri dizkigute koronabirusak eraginda hildako pertsonak, haien senideak, osasun arloko profesionalak eta oro har, prebentzio arauak betetzen saiatzen direnak». Herritar guztiei elkar hartu eta azken ahalegin bat egiteko ere eskatu diete, «bat eginik pandemia hau gelditu» eta «egungo alarma egoeratik irten» ahal izateko. Udal ordezkarien ustez «herritarren gehiengoa arduraz eta gizalegez» ari da jokatzen eta «aurrerantzean gertaera honek gogoetarako balio izateaz gain prebentzio eta babes neurriak tinko betetzen jarraitzeko» deia egin dute.
Bere aldetik, Ertzaintzak ikerketa abiatu duela jakinarazi zuen larunbatean, bezperako gertakariak ikertzeko. Arantxa Tapia sailburuak, berriz, zuhurtziaz jokatzeko eskatu zuen eta koronabirusak jota hil direnak gogoan izateko.
Udalak lehendik agertu zuen festak direla eta gerta zitezkeen arau hausteen inguruko kezka. Horregatik, festak bertan behera uzteaz gain, arauak errespetatzeko deia egina zien herritarrei. Atzoko kuadrillen egunari begira ere, Udaltzaingoak herriko jatetxeak berrikusi ditu asteburuan, bazkariak segurtasun neurriak errespetatuz egin direla bermatzeko.
Dimisioa eta barkamena
Zaldizurreta kaleko gertakarien harira, dimisioa eman du Maddi Imaz EH Bilduko zinegotziak, ekitaldian parte hartu zuela jakin eta gero. Imazek barkamena eskatu die herritarrei, «arduragabekeriaz» jokatu zuela aitortzearekin batera. Gertakari horrek «sortu duen oihartzuna eta kaltea kontuan izanda, kargua uztea» erabaki duela azaldu zuen, ohar baten bidez.
EH Bilduk begi onez ikusi zuen erabakia, eta onartu egin zuen Imazen dimisioa. «Arduraz jokatzea beti da ezinbestekoa, baina are gehiago Covid-19a dela eta bizi dugun egoeran. Beraz, gure taldeko zinegotzi batek bertan parte hartu izana ez da onargarria». Halaber, gertatutakoa ezin dela errepikatu azaldu dute, eta herritarrei arduraz jokatzeko eskatu diete.
Gazteak ere, damututa
Ostiral gaueko akelarrean parte hartu zuten gainerako gazteek ere damua azaldu dute. Herritarrei zuzendatutako ohar batean barkamena eskatu diete, eta beraien gain hartu dute gertatutakoaren ardura. «Barkatu. Ezin dugu besterik esan». Ostiralean gertatutakoaren «ardura guztia gain» hartzen dutela diote, eta jakitun direla herritar asko direla «ez-ohiko honen aurrean arduraz» jokatu dutenak. «Gure arduragabekeriaren aurrean barkamena eskatu nahi dizuegu, bihotzez». Azaldu dutenez, trago batzuk hartzen ari zirela, egoeraren kontrola galdu eta koronabirusak eragindako larrialdi egoeraz ahaztu ziren. «Gertatutakoak ez du justifikaziorik eta gelditzen zaigun bakarra belarriak jaitsi eta aurpegia ematea da».
Berriz halakorik ez dela gertatuko zin egin dute. «Jada, berandu da egindakoa konpontzeko, ezin baita gertatutakoa ezabatu. Eta honen aurrean horrelako gehiagorik gertatuko ez dela ziurtatzea besterik ez zaigu gelditzen». Beasaingo herriaren izen ona ez zikintzeko ere eskatu dute, eta gurasoek ongi hezi dituztela nabarmendu. «Gure pertsonak epaitu nahi badituzue eskubide guztia izango duzue, baina gure gurasoak ez dute atzo gertatutakoarekin zerikusirik».