'Aralar, mundua leku den lurra' liburu bihurtu dute
Aralarri buruz 2018an ekoitzitako dokumentalean oinarrituta, Landarlan ingurumen elkarteak eta On Produkzioek argazkiekin eta testu poetikoekin osatu dute lana. Erein argitaletxeak argitaratu du.
Aralarko balio naturalak erakusteko eta haien balioaz ohartarazteko helburua duen proiektuak falta zuen euskarria osatu du: liburua. Aralar, mundua leku den lurra izenburu berarekin, gaur aurkeztu dute Landarlanek eta On Produkzioek argitalpena, Erein argitaletxean, Donostian (Youtube bidez izan da aurkezpena). 52 orrialdeko liburua da, forma horizontalekoa. Ereinek 12 euroan jarri du salgai.
2018ko urrian estreinatutako dokumentaleko irudi hautatuak ditu liburuak, orri bikoitietan. Iban Toledo zuzendariak azaldu duenez, mugimendudun planoetatik fotogramak ateratzea ez da lan samurra. Baina argazki ikusgarriak lortu ditu, grabaketaren kalitate handiagatik (4K teknologian errodatu zuten). Grabazioetan “erretinan” geratutako irudietara jo du.
Bestetik, Idurre Eskisabel eta Lorea Agirre kazetariek hornitu dute liburua testuz, orri bakoitietan. Estilo literarioz, poetikoki irudikatu dute gizakiarengan naturaren eta kulturaren korapiloak sortzen duen “tentsioa”. “Testu poetiko-politikoa da”, azaldu du Agirrek. Argazkian ageri denarekin lotura du testuak.
Landarlan elkarteko Aloña Jauregik Aralar, mundua leku den lurra dokumentalak egindako ibilbidea errepasatu du. 80 emanaldi baino gehiago egin dituzte, eta hainbat sari jaso ditu nazioartean. Une honetan, Europako Batzordearen Natura 2000 sarietan finalisten artean dago dokumentala, komunikazioaren alorrean. Ekainaren hasieran ebatziko da epaia.