Ataungo eta Zaldibiako udalek aldundiaren diru laguntza jasoko dute, euri jasaren kalteetarako
Apirilaren 24ko euriteetan kaltetutako herribideak konpontzeko gastuaren zati bat aldundiak finantzatuko du. Ataunek 23.800 euro jasoko ditu, eta Zaldibiak 32.900 euro.
Gipuzkoako Foru Aldundiak diru laguntza bana emango die Ataungo eta Zaldibiako udalei, apirilaren 24ko euri jasek bi herrietako bideetan eragin zituzten kalteak konpontzeko. Bat-bateko euritea izan zen, eta bi udalerri horiek izan ziren kaltetuenak. Ataunen 46 metro ur bota zuen metro koadroko, eta Zaldibian 34 litro.
Ataungo Udalak 23.821,88 euro jasoko ditu aldunditik, Iturtxoko bidean izandako kalteak konpontzeko. Guztira, 31.762,50 euro kostatu da berrikuntza. Zaldibiako Udalak, bere aldetik, 32.963,80 euroko diru laguntza izango du. Arru, Zubialde, Aierdi, Alozpe eta Arkaka bideak konpontzen laguntzeko izango da; denera 43,951,74 euroko kostua izan du.
Imanol Lasa foru diputatuak apirilaren 24ko ekaitzaren ondoren udal zerbitzuen eta herritar askoren “erreakzio azkarra” nabarmendu du, euri jasak eragindako lur eta harri mugimenduak garbitzen. Aldundia Gipuzkoako 89 udalerrietatik “gertu” dagoela gehitu du, “bereziki txikiengandik gertu, premiazko egoeren aurrean babesa emateko eta lurralde oreka zaintzeko”.
Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Ingurumeneko Departamentuak berriki lehen sektoreko jarduera ekonomikoari eusteko 500.000 euro bideratzea erabaki duela azaldu du Lasak.