Etxeko tresnen balioa agerian
Etxetresna elektrikoen dendek ez diote lan egiteari utzi. Izan ere, funtsezko zerbitzua eskaintzen dute. Inork irudika al dezake nolakoa izango litzatekeen hozkailurik edo bitrozeramikarik gabeko konfinamendua?
Pandemiak benetan garrantzitsua denari merezi duen balioa emateko balioko duela diote. Talde horretan daude elkartasuna, osasun zerbitzuak, zaintzaileen lana… Etxetresna elektrikoak ez daude oso urruti. Galde diezaietela konfinamendu betean hozkailurik edo bitrozeramikarik gabe gelditu direnei… Zorionez, etxetresna elektriko dendek ez diote lan egiteari utzi.
Ordiziako eta Beasaingo Suquia dendan ez dute konponketa zerbitzurik eskaintzen, baina jende askok deitu die. «Jendeak larrialdiei erantzuna emateko deitu digu: bitrozeramikak, hozkailuak, garbigailuak… Tantaka-tantaka deitu digute. Matxura bat zuenari etxetresna berria eraman diogu edo zerbitzu teknikoaren zenbakia eman diogu. Ez dut uste etxean egoteagatik etxetresna elektrikoak gehiago erabili ditugunik eta gehiago matxuratu direnik», dio Nicolas Aguadok.
Egun gogorrak izan dira beraientzat. «Oso gogorra izan da. Izan ere, denda itxita eduki dugu eta telefonoz lan egin dugu. Gure helburua ez da negozioa egitea izan, zerbitzua eskaintzea baizik».
Denda maiatzaren 4an ireki zuten. Lehen astean bezeroek txanda hartu behar zuten. Maiatzaren 11tik ez dago txanda hartu beharrik. «Jendea oso zuhur ari da jokatzen. Dendan bi bezero bakarrik sartu daitezke eta, muga horrekin ahalik eta zerbitzu onena ematen saiatzen ari gara».
Salmentak ez dira oso onak. «Jendeak zer moduz gauden galdetzen didanean, osasunez ondo gaudela erantzuten diot. Ez dakit zer gertatuko den, baina jendea denda txikien garrantziaz jabetzea espero dut. Ez gaude hemen denbora pasatzeko, herriari zerbitzua emateko baizik. Guk ere funtzio garrantzitsua betetzen dugu. Desagertzen bagara, herriak logela hutsak bihurtuko dira eta ekonomiak okerrera egingo du. Ez gara erakusleiho hutsa. Beste batzuk ematen ez duten zerbitzua ematen dugu: gertutasuna, tratu ona… Jende askok salneurriari begiratzen dio, baina beste gauza batzuk ere oso garrantzitsuak dira. Goierriko gizartearekin konpromisoa dugu eta egunotan ez dugu inor etxetresnarik gabe utzi. Nahiz eta ez den erraza izan egoera horretan lan egitea. MediaMarkt eta antzekoek halako zerbitzua eskaini al dute?».
Ezkioko eta Zumarragako Zimer dendako Marian Biurrun iritzi berekoa da, noski. Beraiek ere ez diote herritarrei zerbitzua emateari utzi. «Konfinamenduko lehen astean gure sektorea funtsezkoen artean egon zen eta dendak ireki ahal izan genituen. Ondoren, dendak itxi behar izan genituen, baina zerbitzua eman genezakeen. Telefonoz, whatsappez… komunikatu behar ginen bezeroekin eta etxetresnak etxeetara eraman eta instalatu genitzakeen. Ez zuen zentzu handirik: bezeroak ezin ziren gure lokaletara etorri etxetresna ikustera, baina gu beraien etxeetara joan gintezkeen instalatzera».
Azken bi hilabeteetan ohi bezainbeste saldu dutela dio. «Bi dendetan nire telefono zenbakia jarri nuen eta sare sozialak ere erabili nituen. Carrefour, MediaMarkt eta halakoak itxita zeudela baliatu beharra genuen. Ordu asko eman nituen telefonoan, denda ireki aurreko asteetan. Funtsezko ondasunen artean ez daude bakarrik hozkailuak edo garbigailuak, baita etxetresna txikiak, bonbillak eta halakoak. Jendeak bonbilla eske ere deitu zuen».
Dendak itxita eduki zituzten asteetan salmentek ohi baino lan gehiago eman zuten. «Ezin zirenez dendara etorri, whatsappez etxetresnen argazkiak eta ezaugarriak bidaltzen nizkien. Ohi baino neketsuagoa zen salmenta bat egitea. Argazki batzuk bidali eta gehiago nahi zituzten. Normala da. 400-500 euroko erosketez ari gara».
Matxurak
Azken asteotan ohi baino matxura gehiago egon direla uste du. «Etxean sartuta egon garenez, etxetresnak ohi baino gehiago erabili ditugu. Irabiagailu asko hondatu dira. Nire ustez, gozogintzan aritu garelako. Gainera, urteko lehenengo beroekin, kili-kolo dauden hozkailu asko hondatu egiten dira. Hozkailuak, irabiagailuak, txigorgailuak, garbigailuak eta plakak hondatu dira, batez ere. Ontzi-garbigailuren bat ere saldu dugu, baina ontzi-garbigailurik gabe moldatzea errazagoa da».
Etxetresna saltzaileentzat aste gogorrak izan direla dio. «Bi langile ditugu, bi alokairu… Maiatzaren 11n dendak ireki ahal izan genituen. Hasieran, txanda emanda. Ezkion ez genuen txanda eman beharrik, pabiloi handi bat baita. Gainera, hemen ez dira 15 pertsona elkartzen».
Lehen aste hauetan asko saltzen ari direla dio. «Asko ari gara saltzen. Matxurak izan dituztenak eta aldatzeko asmoa zutenak etortzen ari direla uste dut. Gainera, hau izaten da urteko sasoi onena. Dena den, geldialdia etorriko dela uste dut».
Goierritarrek etxetresna saltzaileek emandako zerbitzua ez ahaztea espero du. «Igandetan ere lan egin dugu. Hori kontuan hartzea espero dut. Dena den, hau guztia pasatzen denean, askok online erosketak egingo dituzte. Hori da egungo joera. Bi hilabete hauetan banatzaileek gau eta egun lan egin dute. Gainera, krisiak denok kolpatuko gaitu. Baina etxetresnak beharrezkoak dira. Nahiz eta diruz larri ibili, etxetresnei ezin diezu uko egin. Hori bai, beharbada, berria erosi beharrean, zaharra konponduko duzu».
Autonomoez ez ahaztea eskatu du. «Nahiz eta martxoan eta apirilean baino gehiago saldu, nire benetako kezka maiatzean heldu da. Nire langileak lanean hasi dira, alokairua ordaindu beharra dut…».