Goierriko ikasleak, mailakatuta, hasi dira aurrez aurreko klaseekin
Legazpiko Olazabal eta Ordiziako Oianguren institutuetan hasi dira aurrez aurreko eskolekin. Gainerako ikasleak datorren astean hasiko dira. Sindikatuek «inprobisazioa» eta «prezipitazioa» leporatu dizkiote Hezkuntza Sailari. Ikasle mugimenduak ere kexu dira.
Lanbide Hezkuntzako, Batxilergoko eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako laugarren mailako aurrez aurreko klaseak emateko aukera indarrean dago bigarren fasean. Goierriri dagokionez, soilik Legazpiko Olazabal eta Ordiziako Oianguren institutuko bigarren Batxilergoko ikasleak itzuli dira eskolara, azken azterketak egitera. Gainerako eskoletan eta mailetan telematikoki lan egiten jarraitu dute.
Halere, eraikinak zabalik daude, bereziki, lan administratiboak egiteko. «Urola Garaiko Lanbide Eskolan idazkaritzako langileak eta irakasle batzuk besterik ez gaude bertan», azaldu dute. «Gure kasuan ikasleak ekainaren 1ean itzuliko dira, eta egun horretarako prest egon behar dugu». Ikasleen presentzia orokortuagoa izango da datorren astetik aurrera.
Itzulera segurtasun berme guztiekin egitea da eskolek aurrean duten erronka: jende pilaketarik ezin da egon eta, ondorioz, ikasgelak, korridoreak, patioa… egokitu egin behar dira. Higiene neurriak ere zorroztu dituzte eta ikasleei egunero tenperatura hartuko diete. Hezkuntza Sailak eskola bakoitzaren esku utzi du itzulera protokoloak nola gauzatu, eta konplexua izan arren, guztiek prest dute. Soilik maila zehatz batzuetako ikasleak joango direnez, eskoletako joan-etorriak txikiagoak izango dira. «Irailean nola moldatuko garen, hor dago benetako zalantza», diote Urola Garaiko Lanbide Eskolatik.
Kristina Uriarte hezkuntza sailburuaren arabera, institutuen %20a eta Lanbide Hezkuntza ikastetxe «ia guztiak» itzuli da klase presentzialetara. Normaltasun osoz ari dira lanean, azpimarratzeko arazorik gabe. Halere, ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek «inprobisazioa» eta «prezipitazioa» leporatu dizkiote Uriarteri, eta kexu agertu dira itzulera planak ez dituelako segurtasun neurriak bermatzen: «Hezkuntza Sailak ikasturte amaierara begira gure eskoletarako egin dituen planteamenduak eta horien gaineko ondorengo aldaketak, bizi dugun pandemia larriak eskatzen dituen osasuna bermatzeko irizpideak lehenetsi gabe, irizpide pedagogikoak baztertuz eta beharrezko adostasunik gabe gauzatu ditu sindikatuon ustez». «Hezkuntza sailak artikulatutako prozesuek eta neurriek gabezia nabariak dituzte osasun bermeei, irizpide pedagogikoei eta ikasleen aukera berdintasunari dagokienez».
Sindikatuek salatu dute Uriartek «aldebakartasunez» jokatu duela, «hartu beharreko osasun eta neurri akademikoak nagusiki aurrera eraman behar dituzten pertsonen ahotsa entzun gabe». Uriartek erantzun die segurtasun eta osasun neurriak ondo garatzeko eta ikastetxeetan ondo egoteko nahiko neurri hartu direla.
Ikasleak, haserre
Ikasleak ere ez datoz bat Eusko Jaurlaritzaren erabakiarekin, eta Ikasle Abertzaleak antolakundeak greba mugagabea deitu du: «klase presentzialen itzulera plana bertan behera uztea exijitzeko egingo dugu greba. Horren ordez, ikasturte akademikoa amaitutzat ematea eta hirugarren ebaluazioko irakasgaien gaindipen automatikoa aplikatzea eta oporren ohiko iraupena errespetatzea exijitzen dugu».
Gora Ikasleon Borroka mugimenduak ere klasera ez joateko deia egin du. «Ez gara inondik inora klasera itzuliko zuek antzeztu nahi duzuen normaltasun berri honen parte izateko».
Datorren ikasturtean segurtasun baldintzak bete ezean protestekin jarraituko dutela iragarri dute bi erakundeek.