Goierritar talde batek kirol eskola bat sortuko du Nepalgo herri batean
Saskun elkartea zazpi goierritarrek eta Lasarte-Oriako neska batek sortu dute. Kirol eskola Ordizian bizi den Tilk Gurugung nepaldarraren herrian egingo dute
Gipuzkoako zortzi lagunek Saskun elkartea sortu dute, Nepalgo Langsing herriko bizilagunei kirolaren bidez laguntzeko. Tartean, zazpi goierritar daude: Anne Otegi itsasondoarra, Anne Garzia beasaindarra, Iherai Martin ordiziarra, Ion Aranburu ordiziarra, Mikel Telleria ordiziarra, Vanessa Blazquez zumarragarra eta Ordizian bizi den Tilk Gurugung nepaldarra. Beraiekin batera, Lasarte-Oriako Oihane Puertas lan egiten ari da. Behar dutenei laguntzeko gogoak elkartu ditu.
Proiektua konfinamenduan zehar sortu da eta oraindik ez dute guztiek elkartzeko aukera izan. Blazquez eta Martin izan dira egitasmoaren bultzatzaileak. Martin Blazquezen ingeles akademiako ikaslea da. Otsailean Nepalera joan zen trekking bat egitera eta Gobernuz Kanpoko Erakunde batekin lan egitera. Blazquez Nepalen egondakoa da. Gainera, Gurugung Martinen laguna da eta bere bi alabak Blazquezen ikasleak izan ziren.
Helburuak
Hala, Gurugungen herriko jendeari laguntzea bururatu zitzaien. Horretarako, kirol eskola bat eraikiko dute. «Mendi eta arroz zapalda artean bizi dira eta kirola egiteko beste herri batzuetara joan behar dira. Bizpahiru orduko bidaia egin behar dute. Kirola egin nahi dute, baina ez dute aukerarik. Turismoa diru iturri garrantzitsua da Nepalentzat, baina diru hori ez da herrietara heltzen», aipatu du Blazquezek.
Saskun elkartekoek, kirolaren bidez, inklusioa, motibazioa, elkarlana… sustatu nahi dituzte. «Beraiekin batera egingo dugu kirol eskola. Hango kirol tradizionalak, futbola eta trekking jasangarria landuko dituzte. Ikastetxea badute, baina bigarren zikloa egiteko beste herri batera joan behar dira. Familiek baliabide gutxi dituztenez, asko 14 urterekin lanean hasten dira. Neskei dagokienez, zer esan… Ikastetxe batzuetan mutilek eta neskek bananduta ikasten dute, rolak oso markatuta daude, ezkondu egiten dituzte… Guk neskak eta mutilak elkartu nahi ditugu, poliki-poliki hori guztia aldatzeko».
Dirua lortzeko, Euskal Herrian jarduera ezberdinak antolatuko dituzte. «Kirol eskola egiteko, hango baliabideak erabiliko ditugu eta ez Katmandu, Txina edo Indiatik eramandakoak. Hangoari garrantzia eman nahi diogu».
Egitasmoa goierritarrentzat ere aberasgarria izango dela dio. «Goierrin antolatuko ditugun jarduerak etorkinen beharrak asetzeko, Oiangu parkearen balioa ezagutzera eman eta parkea erabiltzeko… baliatu nahi ditugu», amaitu du Blazquezek.