«Ohorea da Segura Udalerri Euskaldunen Eguna ospatzeko aukeratu izana»
Segurako 'Hitz edo Irri, euskaraz elkarri´ euskara elkarteko kidea da Axier Alustiza. Maiatzaren 30erako UEMA egunaren antolakuntzan harrapatu zuen Covid-19ak. Datorren urtera atzeratu dute festa.
Maiatzaren 30ean Udalerri Euskaldunen Eguna ospatzekoak zineten Seguran, Uemak, Segurako Udalak eta herriko hainbat talde, elkarte eta eragilek elkarlanean antolatuta. Baina koronabirusagatik atzeratzea erabaki duzue. Zein sentipenekin gelditzen zara?
Sentipen onarekin. Lanketa honekin hasi ginenean, koronabirusaren zurrumurrua bazen eta erabakia urtebetez atzeratzekoa izan da. Erraz hartu genuen erabakia, jakitun, horrek, margena emango digula, beste lanketa batekin jarraitzek; esan nahi dut, hau zubilana izatea eta eskualde mailan nahiz lurralde mailan, orokorrean, Uemakoak diren eta ez diren herri haiekin harremanak eraikitzeko. Horrek ere denbora eskatzen du, eta urtebete atzeratzeak, aukera gehiago emango dizkigu.
Sentipen txarrik ez dut, urtez urte lanean jarraitzen dugulako. Udalerri euskaldunen eguna da, ez bakarrik Uemako kide direnena. Azkeneko urteetan hartu den erabakia da, Uemako kideak ez diren haiei ere ateak irekitzea, eta euskaldunak garen herriak, gure hizkuntzarentzat arnasgune izanda, aitortza hori, guztiei egin beharko litzaiekeela. Guk lanketa egiten jarraituko dugu eta gure txikitasunetik zerbait handia sortu nahi dugu.
Zer zeneukaten prestatuta egun horretarako?
Egitaraua, aurreko urteetan egindako edizioen eredua zen, baina gure beharretara egokitu genuen. Betiko Uemako ekitaldi nagusia errespetatu genuen. Bertan, Uemako kide direnek parte hartzen dute eta Uemako kide izan nahi duten herri berrien eskaera aztertzen da. Eta gero, herri hontako eta inguruko elkarte eta eragile ezberdinekin, kalera begirako festa edo ekitaldi moduko bat egin nahi zen.
Horretaz gain, inguruko hainbat herri eta urrutiago joanda, Azpeitiak, Oreretak, Hernanik eta Oñatik, Hitanoaren inguruan, eta batez ere emakumeen artekoa, alegia, Noka, aintzat hartuta eta hortik abiapuntu eginda, nahi genuen, herrien arteko tailer bat sortu. Egunean bertan, eragile ezberdinak elkartuz, lanketa hori egin ahal izateko.
Hortik aurrera, herri bazkari bat aurrikusten genuen, umeentzako ekimen ezberdinak, tartean jolasak, dantzarekin lotutako zerbait ere egin nahi genuen, eta eguna borobiltzeko, kontzertu edo erromeria.
Eguna bera baino lehen, aldez aurretik, nahi genuen herriko musikari ezberdinekin eta musika ikasten ari diren ikasleekin, kanta bat sortu.
Euskara Elkartekoen kasuan, badaukagu proiektu nagusi bat, Miñaripe izena duena. Bertakoa dugun euskara, altxorra duguna, jasotzen gabiltza, eta horrekin ondo pasatzeko lehiaketa moduko bat sortzea genuen helburu. Gutxi gora behera, hori zen lotuta geneukana.
Zer suposatzen du Segurarentzat, festa, bertan egiteak?
Ohore bat da, gainera, ez genuen aurreikusten hala izango zenik. Uema eguna, txandatuz ospatzen da. Herrialde barruan, probintziaz probintzia, herri bati ematen zaio aukera. Gure kasuan, gipuzkoarrak izanda, eta kontuan izanda, udalerri euskaldun asko daudela bertan, sorpresa handia izan Uemak eman zigun aukera hau eta ez genuen dudarik izan.
Uste dut, Segura, herri antolatua eta dinamikoa dela. Ohituta gaude elkarte ezberdinen lankidetzari esker gauza desberdinak antolatzen. Orduan, ez zen alde horretatik erronka handi bat izan. Seguran, Iparra-Hegoa eta beste hainbat ekimen antolatzen dira.
Uemako hau, euskara elkartearentzat, prestigioa izan zen, aitortza bat da. Azkeneko urteetan, elkarte mailan, biziberritze lan bat egin dugu euskarari dagokionean eta juxtu, momentu aproposean iritsi da, gure elkarteak aurten duelako 15. urteurrena.
Datorren urtera begira jarrita, zer?
Orain, osasuna da lehenetsi beharreko gaia, baina festa atzeratzeak, beste aukera batzuk irekitzen ditu, berritzaileagoak izango gara. Atzeratzeak, ez digu larritasunik sortu. Ikasturte amaieran izaten da beti egun potolo hau. Hortaz, datorren urteko maiatzean izango dela aurrikusten dugu. Elkarte moduan, Uemarekin harreman zuzen-zuzenean gaude, eta Euskaraldia egin berritan ekingo diogu, berriz ere, kontu honi.
Bestalde, urte hau ez da izango bakarrik egun hau prestatzeko urtea. Uste dugu, osasuna eta euskara uztartuz, bizi ditugun garai hauetan, euskarak beste entitate batzuengandik prestigio asko galdu duela, ez dela gure hizkuntza behar beste lehenetsi. Osasuna lehenetsi daiteke euskaraz bizita eta euskaraz jardunda, eta uste dugu, gure lurraldeko politikagintzan ez dela hori ikusi.
Orduan, data atzeratzeak, emango digu aukera, gai horri ere heltzeko. Uemako kideen artean hausnarketa egin eta berriz ere, elkar hartuta, ekin beharko diogu, behar diren ateak jo eta gure eskubideak aldarrikatzen.