«Artzain gazta erosten baduzu gure paisaiak ere babesten dituzu»
Arruazun (Nafarroa) duen gaztandegiko atarian, itzalean eserita azaldu ditu Campionek Artzai Gazta elkarteak etorkizunerako dituen ildoak. Alarma egoeraz ere hitz egin du.
Noiztik zara Artzai Gazta elkarteko lehendakaria?
Bi urte eta erdi daramatzat, 2017ko urritik.
Zuk kargua hartzearekin batera, elkartearen norabidea aldatzeari ekin zenioten.
Artzai Gaztak duela denbora bat ezarri zuen bere norabidea, bere barne arauekin eta eredu bati lotua, baina orain, gure artzaintza eredua bermatzeko edo norantz joan nahi dugun jakiteko barne eztabaida batean murgilduta dago elkartea, bazkide guztien partaidetzarekin.
Zein izan da emaitza?
Ardi latxaren eredu jasangarri batekin jarraitu nahi dugu, denboraldiko produktua egiten. Ardi latxaren eta ardi gaztaren ekoizpena intentsifikaziorantz joan ez dadin lan egingo dugu.
Prozesuan Eusko Jaurlaritzako Katilu enpresa publikoaren bitartekaritza eta laguntza izan dugu. Kanpoko iritzi objektibo hori beharrezkoa gertatu izan da lan honi mami gehiago ateratzeko. Iazko urrian egindako batzarrean eman genion baiezkoa Artzai Gaztaren bide berri honi, eta artzaintza eredu jasangarria bermatzeko lanean hasi ginen. Baina martxoan dena eten egin da.
Koronabirusak elkartearen martxan, eta artzainen egunerokoan ere izan du eragina.
Egoera, aurretik bezala, kolore askotakoa da. Orain arte, gaztaren komertzializazio gehiena salmenta zuzenaren bitartez izan da, baina egoerak sortu duen beldurragatik erosleak azoka edota etxeetara gerturatzeari utzi, eta salmenta modua birmoldatu behar izan da, etxez etxeko banaketarekin hasi dira bazkide batzuk. Bestalde, inguruko komertzio txikiarekin nahiko harreman zuzena daukagu artzainok, eta horiek beren salmentak mantendu dituzte orokorrean. Beherakada handiena turismo faltan sumatu dugu: turistak gazta erosteko ohitura du, gaztandegi askotan bisita gidatuak egiten ditugu eta horiek diru sarrera bat izateaz gain, bisita horietan ere gazta saltzen da. Alarma egoerak ekoizpen puntu altuenean harrapatu gaitu, martxoan eta apirilean, eta une horretan izan da salmenta jaitsiera handiena. Gazta ez bada saltzen ez da kamara husten, eta ez badago lekurik gazta berria sartzeko ezin da gazta gehiago egin. Hori dela eta, artzain asko esnea saltzera behartuta ikusi dira.
Errealitatea oso desberdina da etxe bakoitzean, baina denak moldatzen ari gara ahal dugun moduan.
Administrazioa jarri al da zuekin harremanetan?
Orokorrean baietz esango nuke, baina hainbat erabaki sektorea kontuan hartu gabe hartu dituzte, arkumeen salmentarako akordioa edo azoken debekua adibidez. Gure ustez horrelako gaiak sektorearekin batera landu behar dira, eta norbaitek artzainen izenean hitz egin badezake, hori Artzai Gazta da. Gurekin ez dute hitz egin horretaz.
Laguntzarik jaso duzue?
Laguntzak aurrerago datoz. Estatu barruko turismoa bultzatu nahi dute eta horretaz baliatuko gara. Guk ere hemengo produktuen kontsumoa bultzatzeko Erkidegoko eta Nafarroako gobernuekin batera kanpaina bat egin nahi dugu. Idiazabal jatorri izendapenarekin batera ari gara lanean horretan. Orain bertako produktuekiko sentimentua pixka bat handiagoa da, eta jendeari produktu hori zuzenean zein ekoizleri eta non erosi dezakeen adieraztea da ideia .
Egoera honi buelta emateko modua izan daiteke.
Bai, egoerari buelta emateko eta baita egoeraz baliatzeko ere. Bertakoaren aldeko sentsibilitatea areagotu egin dela eta hortaz, produktua erosteko prestutasun handiagoa dagoela sumatu dugu. Prestutasun honetaz baliatuz, jendeari erraztasunak eman behar dizkiogu zer eta non erosi daitekeen jakin dezan.
Aurrerago begira, nola dator Artzai Gazta elkartearen lana?
Iaz jarri genuen abiapuntua, eta artzaintza eredu jasangarriaren alde lan egiten jarraituko dugu. Bide horretan, gazta erosteak zein ondorio dakartzan jakinarazi behar diogu jendarteari.
Gazta erostea ez da gazta erostea bakarrik, atzetik gauza asko daude: larreak, larreen kudeaketa, bertako produktua, bertako arraza, mendien kudeaketa… Artzai Gazta erosten baduzu gure paisaiak ere babesten dituzu. Gu gazta egiteaz eta saltzeaz bizi gara, ez badugu saltzen, ezingo gara bizi, eta artzaina ezin bada bizi, ardiak desagertuko dira menditik, baita mendien kudeaketa eta larreak ere. Ondorioak gogorrak izango lirateke.
Gazta berria aurkeztu behar da. Nolakoa da aurtengo gazta?
Negu eta udaberri nahiko aproposak izan ditugu gazta mundurako: epelak izan dira, larreak aurreratu dira, ardiak inoiz baino lehenago izan dira larretean jaten. Ekoizpenaren aldetik jendea pozik eta arazo handirik gabe dago.