Eguraldia eta bezeroak portatu dira
Bere onera etortzen ari da Ordizia asteazkenetan. Postuen kokapena egonkortze bidean da eta udaberriko produktuen aukera handitzen astetik astera.
Eguraldi aparta, azoka giroa poliki-poliki bere onera etortzen ari da eta jendearen poza eta baikortasuna bueltatzen ere bai. Salmentak, oraindik gehienen kasuan ohikora iritsi ez badira ere, normaltzen ari dira. Bereziki lore eta landare postutakoak gustura, azken bi astetan izan duten mugimendua ikusita. Garai betean horiexek daude.
Udaberriko zizak ere jende asko erakartzen dute. Orain arte Lasatarrek saldu dituzte ziza eta onddoak; atzo, udaletxe aurrean kokatuak. Eta Basoako Barcinatarrak etortzen hasi ziren Jakes etxearen aurrean atzo. Ondorioz, nabarmen ugaritu da mikologia eskaintza, nahiz eta garai honetan ohikoa denetik oraindik urrun ibili. Udaberriko ziza 240 kilo (15-34 euroan kiloa), onddoak 170 kilo (16-24 euroan kiloa) eta zizahoriak 25 kilo (18 euroan kiloa). Boilur edo trufak ere aukeran 5 eta 30 euro artean bakoitza neurriaren arabera.
Aramako mugurdiak
Barazkietan berririk ez, tomatea, patata, ilarra, baba, borraja, errefautxoa, tipulina dira udaberriko sasoia markatzen duten barazkiak. Lehen piperrak, azenarioak edota kuiatxoak laster izango direnaren esperantzan. Berez, piperrak garai honetan hasiak izan ohi dira. Aurten izan dugun negu eta udaberri goxoa ikusita oraindik ez dela ikusi eta Joxe M. Uzini galdetu diogu: «Ez du bakarrik tenperaturak markatzen, argi orduak baizik. Egin izan dituzte frogak eta hor da gakoa».
Gutxi batzuk badituzte baina ez azokan saltzera ateratzeko adina. Frutetan mugurdiak edo franbuesak ekarri zituen Aramako Arantxa Zurutuzak, 250 gramoko ontzia 3 euroan. Beñat Telleria Mutiloko Odiokoak behi gazta birrindua aurkeztu du, bezeroen eskariz, 200 gramoko poltsetan 2,5 euroan.
Atzo Ordizia berriz ere aipatua izan zen komunikabideetan. Asteazkeneroko azokagatik ez ezik, Oianguko ekitaldiagatik: Idiazabal Gaztaren denboraldiaren hasiera ofizialki zabaldu zen. Ez ohiko datan eta leku paregabean. Normalean Artzain Egunean udaletxeko areto nagusian egin ohi da, pazko asteko asteazkenean (apirilaren 15ean izateko zen). Zailtasunak zailtasun eta atzerapenez izanik ere markatua gelditu da.