Euskal sagardoa udako denboraldirako prest
Itxialdiaren ondoren, zabaltzen hasi diren sagardotegi, jatetxe eta elkarteetan probatu ahal izango da botilaratutako euskal sagardoa. Igartubeiti baserri museoak ekainaren 2an zabalduko ditu ateak
Txotxeko denboraldia bete-betean zela iritsi zen koronabirusa, eta baita hark ekarritako itxialdia ere. Bi hilabetez baino gehiagoz itxita egon dira sagardotegiak, eta askok bestelako irtenbideak bilatu behar izan dituzte, besteak beste, botilak etxez-etxe banatuz. Hemendik aurrera, pixkanaka zabaltzen hasiko dira sagardotegiak, beti ere, konfinamendua arintzeko faseek eskatzen dituzten arauetara egokituta. Sagardotegietan ez ezik, jatetxeetan eta elkarteetan ere probatu ahal izango da botilaratutako euskal sagardoa.
Bigarren fasera pasatzearekin batera, Euskal Herriko sagardotegiek ateak irekitzeko aukera dute, barrualdean zein terrazetan %50eko aforoa eta segurtasun distantziak errespetatuta. Askok oraindik ez dute datarik zehaztu, ordea. Euskal Sagardoa izendapenak azaldu duenez, “ez dira sagardotegi guztiak izango ateak irekiko dituztenak, txotx garaian bakarrik irekitzen duten askok 2020ko sagardotegi denboraldia bukatutzat” eman baitute.
Hori dela eta, botilaratutako euskal sagardoari eman nahi diote indarra, “punturik onenean” probatu ahal izango baita hemendik aurrera. Izan ere, taberna, jatetxe eta elkarte gastronomikoetan ere izango da edateko aukera.
Irekierarako prestatzen
Sagardo Sektoreak modu bateratuan itxi zuen txotx garaia eta orain ere, bateratuta eman nahi dute hurrengo pausoa. Sagardotegi bakoitzak erabakiko du ireki hala ez eta bakoitzak bere neurrira egokituko du hemendik aurrerako eskaintza. Hartu beharreko neurriak ezagutu eta nola aplikatu zehazteko, 55 sagardotegitako ordezkarik formazio ikastaro trinko bat jaso zuen hilaren 22an. Ateak berriro irekitzeko protokoloa eta Euskal Sagardoak eskaini litzakeen aukerak landu zituzten bertan.
Bestalde, Euskal Sagardoak ekainaren 11n aurkeztuko du botilako uzta berria, eta bertan sagardoaren ezaugarriez gain, sagardotegien irekieraren nondik norakoak azalduko dituzte. Erreserbak egiteko aukera ere zabaldu dute Sagardoa Route webgunean.
Sagardoarekin lotura estua duten Gipuzkoako hiru museoek ere, ekaineko lehen egunetan zabalduko dituzte ateak: Sagardoetxea museoak eta Igartubeiti baserri museoak ekainaren 2an, eta Albaola museoak ekainaren 5ean.