Euskara murgiltze ereduek duten aplikazioa ikertuko du Gerrikoko bekadunak
Goierrin 1985etik 2000ra Lehen Hezkuntzan euskara ikasteko programak ikertuko ditu Asier Etxenike soziologo irabazleak. Programak aplikatzeko moduek zer eragin duten ebatziko du
Lazkaoko Gerriko Ikerlan Bekaren 19. deialdiak badu irabazlea: Asier Etxenike Ugarte soziologo gasteiztarra (Errenteria, 1997). Mantentze eta murgiltze ereduan aplikazioaren eragina Goierrin. Euskararen erabileraren sustapenean eta jendarte kohesioan eragina izan al dute? du proiektu sarituak izenburua. Goierriko hezkuntza sisteman euskara etxetik ez zekarten ikasleak hizkuntzaz jabetzeko aplikatu izan diren programa desberdinak ikertuko ditu, 1985etik 2000ra arteko epean. Aukeratutako ereduaren arabera, ondorio bat ala bestea utzi duen, eta euskararen soziolinguistikan geroztik ikasle haiei zertan eta nola eragin dien ere behatuko du.
Gerriko kultur elkarteak, Lazkaoko Udalak eta Maizpide euskaltegiak antolatzen duten Gerriko Ikerlan Bekaren saria atzo eguerdian eman zuten, Lazkaoko udaletxean. Martxoaren 13an zen egitekoa, baina Alarma Egoeraren bezperetan, atzeratu zen.
Zortzi lan edo ikerketa-proposamen jaso dituzte aurtengo deialdira. Jokin Apalategi, Fito Rodriguez eta Jaione Apalategi irakasleek osatu dute epaimahaikoa. Lan guztien interesa eta hizkuntza trataera duina goretsi ditu Rodriguezek.
Koronabirusaren egoeragatik, publikorik gabe, epaile ordezkari bakarrarekin eta beka irabazi duen ikertzailearen presentziarekin egin da ekitaldia. Asier Etxenikek berak hartu du mahai gainetik diploma, kontaktuak saihesteko.
Ondorenean arreta jarrita
Ama hizkuntza ez den beste bat eskolan ikasterakoan, umeak hiru urtean erabat murgiltzea lortzen duela diote adituek. «Baina ikasleari jarraipena egin behar zaio, eta hori da, hain zuzen, ikerketa honek proposatzen duena», baloratu du epaimahaikoak. Etxanizen lanketa-proposamenak jakin-mina duela eta gaurkotasuna duela gehitu du.
Murgiltze metodoa eta mantentze metodoa erkatuko ditu, arreta ikasleen artean taldeak egiteko hartu ziren erabakietan jarrita: haur euskaldunak bakarrik hasieran, erdaldunak erdaldunekin euskara-maila bat lortu arte, bereizketak ekarri ahal izan dituen kalteak, eta ikasle ohien ondorengo bizimoduan euskarak zer pisu duen aztertuko du.
Proiektua garatzeko urtebeteko epea izango du orain Etxanizek. 1985-2000 arteko Haur Hezkuntzako ikastetxeetako irakasle, zuzendari eta guraso elkarteetako ordezkariak elkarrizketatuko ditu, eta ikasle izan zirenekin inkesta zabala egin.
«D eredua ez dago auzitan, baina bai aplikatzeko moduak, mantentze edo murgiltze ereduak. Faltan sumatu izan dut zer ondorio eduki ahal izan dituzten batak ala besteak denboraren joanean. Bere garaiko hautuak ebaluatzeko modua izan liteke», aurreratu du Asier Etxanizek.
Gerriko, 30 urte ikerketan
Gerriko Ikerlan Bekako lehen emaitza 1990ean argitaratu zen; 30 urte dira aurten. Harrezkero 24 liburuk ikusi dute argia, eta 25.a bidean da, 1936ko gerrari buruzkoa. Lazkaon antolatua baina eskualde ikuspegiarekin, ikerketa zientifikoa euskaraz lantzea bultzatzen du. 7.000 eurokoa da beka.
«Bazterketa hizkuntz programena den arakatu nahi dut»
Asier Etxenike Ugarte (Gerrikon bekaduna)
Zer metodologia erabiliko duzu?
Lan teorikoak errepasatzeaz gain, garai hartan hizkuntzarako murgiltzeen aplikazioan ibili ziren irakasleak, eskola-zuzendariak eta guraso ordezkariak elkarrizketatzea da asmoa, 6-8 elkarrizketa. Kontuan hartuko dut zeintzuk izan zitezkeen programa horien aplikazioan eztabaida-gako nagusiak, eta zeintzuk posizio nagusiak.
Zer helburutara iristeko?
Argumentu nagusietako bat da, programa horien inguruan, esaten delako azkenean bazterketa bat ematen dela bereziki etxetik euskara ez daukatenen kontra, esan dezagun. Hortaz, arakatu nahi dut benetan praktikan gero bazterketa hori dagoen ala ez, edo jendea nahastu egiten den euren artean, edo bazterketa beste faktore batzuek eragiten duten eta ez hizkuntz programa horiek. Horiek ikustea da helburua, 15 urte geroago ea zer egoeratan dauden ikasle horiek.
Auzitan ez dagoela D eredua diozu, aplikazioa baizik.
Taldekatzea da kezka. Goierrin bertan herriaren arabera taldekatzeak desberdinak dira: eskola txikietan adinak nahastuta, herri handiagoetan adinarekin. Beste irizpide bat zen, bere garaian eztabaida izan zuena, etxetik euskara zekarten umeak talde batean mantendu, eta besteak beste batean. Argumentu horiek benetan baduten ondorio bat ikusi nahi dut: bazterketa gertatu den, euskara gaitasun nahikorik lortu duten ala ez, orain erabiltzen duten batzuek eta besteek ez… Goierri guztiko azterketa egingo dut.