Ez dantzarik ez herri kirolik jaiak amaitzeko
Loinatz Jaiei herri kirol probek eta Dantza Topaketen Egunak ematen die errematea, baina aurtengoan ez dira egongo. Egutegian ordezko egunik ez dute
Loinatz Jaiak ofizialki hasierarik ere ez zutenez eduki, ezin dute amaierarik izan. Aurreko urteetan herri kirol probek eta Ostadar dantza taldeak antolatzen duen Dantza Topaketen Egunak jarri ohi zioten ginga, baina aurtengoan ez herri kirol erakustaldirik ez dantzarik ez da egongo.
Iñaki Azurmendi aizkolaria da Loinatz Jaietako herri kirol erakustaldiko antolatzaileetako bat, eta argi azaldu du festak egiteko egoera ez bada aproposa, kirol probak egiteko ere ez dela. «Ez da herri kirol probarik egongo eta kito. Alternatibarik ere ez dugu prestatu», azpimarratu du. Etorkizunean egitea ez dute baztertzen, baina noiz arte atzeratu argi ez dagoenez, baliteke aurtengoan Beasainen herri kirol probarik ez egotea.
Gainerako herrietan berdin gertatzen da. Azurmendik uda sasoian ikustaldiak han eta hemen izaten ditu, 40 inguru, eta guztiak airean daude. «Galera orokorra izango da. Kirolariok galdu egingo dugu, zaleek, herriko komertzioek… denek». Txapelketak neguan izaten dira, baina udako festetako erakustaldiak herri kirolarientzat diru iturri garrantzitsua izaten da, eta guztiak gal ditzakete. «Momentuz, erakustaldi bakar bat ere ez dut. Udalek zuhurtziaz jokatzen dute gero atzera egin behar ez izateko».
Dantzarako girorik ere ez
Ostadar dantza taldeak ere urtero antolatzen duen Dantza Topaketa Egunik ere ez da izango. 20. edizioa izan behar zen aurtengoa, baina itxaron egin beharko da.
Euskal Herriko herri ezberdinetako dantza taldeak gonbidatzen dituzte, eta Beasaingo kaleak alaitzen dituzte goizean goizetik. Oholtza gainean bakoitzak erakustaldi bat ere egiten du, eta amaitzeko, herritarrak Fandangoa eta Arin-arina dantzatzera ateratzen dituzte. Igandean ez da halakorik egongo, baina sare sozialen bidez eguna gogoratuko dutela iragarri dute dantzariek. Ostadarrekoek alferrikako lan askorik ez dute egin, antolaketa lanekin hasi orduko gelditu egin behar izan zutelako. Bakartuta, baina dantzan jarraitu dute, eta Loinatz jaietan dantza egiteko tartea ere izango da, balkoietatik bada ere.
Nahiz eta bigarren fasean ariketa egiteko talde txikietan bildu daitekeen eta ordutegiak malgutu egin diren, distantziak beti mantendu behar dira eta jende pilaketak ekidin behar dira. Udalak zentzuarekin eta buruarekin jokatzeko eskatu du aurreko asteko gertakariak errepikatu ez daitezen. Egiari zor, asteburuan eta kuadrilla egunean neurriak zorrotz errespetatu ziren.
Txilibutxofek joaldunen kaperak eta joareak egitea proposatu du
Txilibutxof aisialdi taldeak haurrentzako eskulanak proposatu ditu Loinatz Jaiak alaitzeko. Asteburu honetako proposamena joaldunen kaperak eta joareak egitea da. Horretarako, Txilibutxof taldearen youtubeko kanalean tutorial bat jarri dute. «Joareen zalapartaz jaikitzen gara igande goizean, herriko jaietako oroitzapen guztiak danba-danba dakarzkigute burura joaldunek, eta aurtengoan gu geu izan gaitezke zalaparta horren eragile», diote arduradunek.
Buruhandien maskarak, danborradako txapelak eta Beasaingo banderak egiteko txantiloiak eta tutorialak ere sarean daude txilibutxof.blogspot.com atarian. Loinatz Jairik egon ez arren «beasaindar festazale izpirituari» eusteko eskulanak direla diote Txilibutxofekoek.