Gazta jaio berriari diosala eginez
Ordiziako Artzain Egunaren barruan, duela 25 urte egin zuten lehenengoz Idiazabal Gazta berriaren mozketa ekitaldia. Jesus Mari Ormaetxea kofradiako kideak jarri zuen lehen alea.
Pazko asteko asteazkenean, artzainaren omenezko azoka berezia egiteko ohiturari heltzen diote Ordizian, urtez urte. Horrekin batera, Ordizian aski preziatua den latxa ardiaren gazta berriaren aurkezpena eta mozketa egiten dute, Ordiziako Udalak, Idiazabal Gaztaren Jatorriko Izendapenak eta Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiak antolatuta. Iragan apirilaren 15ean Artzain Eguna ospatu eta gazta jaio berriaren festa egitekoak ziren, beste behin. Aurten, ordea, Covid-19ak egun hartarako prestatuta zuten egitaraua bertan behera uztera behartu zituen.
Begirada atzera botaz, 1995. urtean egin zioten lehenengoz gazta berriari ongi etorria. Juan Mari Arzak sukaldariak izan zuen ohorea. Baina, nola sortu zen ekimen hori? Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiako kide Jesus Mari Ormaetxeak (Ordizia,1949) jarri zuen lehen alea. «Nire etxean sekula ez da falta gazta pusketa bat, gaztazale amorratua naiz. Atzerriko lagunek cheesman deitzen didate» kontatu du barre artean. Eta jarraitu du: «Ampo enpresako zuzendari komertziala izan nintzen urte askoan eta nire lanagatik, beste herrialde batzuetara bidaiatzea tokatu zitzaidan, Frantziara asko joaten nintzen».
Antza denez, han ezagutu zuen festa baten ereduari jarraiki bururatu zitzaion ideia: «1994. urtea izango zen, azaroko hirugarren ostegunean, urtero egiten da Frantzian, Beaujolais ardoaren ongi etorri festa. Gaur gaurkoz, Frantziako mugez gaindi ere ospatzen da, Copenagen adibidez». Beajoulais Noveau ardoaren etorrera, 110 herrialdetan ospatzen dute: Tokion, Seulen, Londresen, eta New Yorken, besteak beste. Ardo berriari ongi etorria egiteko aitzakian, «Beaujolais ardoaren milaka eta milaka botila edaten dira munduan zehar». Baina Frantzian, Parisen, eta batez ere, Lyonen du jatorria, non bezperan hasten diren ospatzen. Egun horietan, Saint Jean plaza apaindu eta etengabeko festa izaten da. «Frantsesak oso trebeak dira horrelakoak antolatzen eta gauzak ondo egiten dituztenei erreparatu behar zaie».
Ordizian ere horrelako zerbait egin zitekeela benetan sinetsita, kofradiaren batzarrean proposatu zuen. «Ideia ona zela eta noiz egin litekeen hasi ginen». Ormaetxeak gogoratu du, «garai hartan», Idiazabal Gazta batez ere sagardotegietan jaten zela. «Sagardotegi denboraldia amaitzean, apirilean, artzainak gazta saltzeko zailtasunak izaten hasten ziren, eta produktuari bultzada emateko helburuarekin hasi ginen ekitaldia antolatzen».
Urtero errespetatu dute hitzordua 25 urteotan, baina aurten, koronabirusak eragindako ezohiko egoeran, eta ezohiko moduan bada ere, ongi etorria egin diote Idiazabal Gaztari.