Gaztetxoentzat alternatibarik bai?
Ikasturtea ez da amaitu baina gaztetxoak, udako oporraldira begira daude jada. Goierriko herri gehienetan, aisialdi ekintzak eta udalekuak antolatzen dira, aurten, ordea, zalantzan daude.
Gertu da eskoletako udako oporraldia. Ekaina eta uztaila bitartean, gaztetxoentzat aisialdirako ekintzak eta udalekuak antolatzen dituzte Goierriko udalek, enpresa eta elkarte edo talde desberdinekin lankidetzan. Aurten, ordea, gauzak nahiko desberdin izango dira, Covid-19ak eragindako egoera dela eta, bertan behera geratu baitira Gipuzkoako Foru Aldundiak beste bi aldundiekin batera antolatzen dituen Udalekuak eta Gazte Oporraldiak kanpainak. Osasun Sailak eskatzen dituen segurtasun neurriak bermatzeko ezintasuna izan da erabaki horren arrazoia. Eta gomendio berbera eman du Eudel Euskadiko Udalen Elkarteak.
Goierrin, Zaldibiako eta Legorretako udalek, jakinarazi dute aurten ezingo dutela udalekurik antolatu. Horrelakoak antolatzen dituzten gainontzeko herrietan ere, berdin jokatuko dute. Dena den, alternatiba bat bilatu nahian, Zaldibian adibidez, hausnarketa bat abiatu du udalak. Hainbat gurasorekin bilera egin ostean, egoera berezi honetara egokitzen den proposamen desberdin bat egin diete familiei. Argi dute, «bizimodu berriaren baitan, ezin dugunari begiratzea baino, egin dezakegun hori lantzea dela gakoa». Uste dute, «udako jarduerek haur eta gaztetxoei onura eta balio asko sustatzeko tresna» direla, eta «nolabait, mantendu nahi» dute. Iritzi dute, gaztetxoentzat udako jarduerak, «inoiz baino beharrezkoagoak» direla: «Elkar ikustea, eta ekintza eta momentuak partekatzea, zenbait haurrek euskararekiko galdu duten lotura berreskuratzea, natura, itxialdiak eragindako emozioak lantzea,…».
Asmoa da, «uztailerako, dinamizatzaileek gidatutako ekintza puntualak» egitea. Ekintzak «herriko aire zabaleko lekuetan» egitea, eta guztia, «antolaketarako protokolo batekin, segurtasuna bermatzeko». Ipuin kontalariak, bertsoak, musika eta dantzak, mendi ibilaldiak eta yoga saioak dira besteak beste, proposatu dituzten ekintzetako batzuk. Hau guztia aurrera eramateko, «herriko familien elkarlana beharrezkotzat jo» dute.
Enpresak eta taldeak, geldi
Urretxun du egoitza Zerki enpresak eta arduradunetako bat da Asier Auzmendi. Zerbitzu ugari ematen dituen enpresa da. Auzmendik berak esan duenez, momentu honetan, «enpresaren jardunaren %95a, geldirik dago». Eskaintzen dituzten zerbitzuen artean, udaleku irekiak daude, udalek kontratatuta. Aurreko urteetan, «Zumarragan, Urretxun eta Ormaiztegin» eman dute zerbitzu hori. Kontatu du «aurten udalekuak egitea zail» ikusten duela, izan ere, «osasun sailaren eskaera betetzea ia ezinezkoa delako». Zenbait udal, horrelako ekintzak bertan behera uzteko erabakia hausnartzen ari dira oraindik.
Horrelako udalekuetan «irteerak, jolasak, ginkanak, aire libreko ekintzak» egin ohi dituzte batez ere. Helburua, «haurren arten harremanak sustatzea da, besteak beste, eta baldintza hauetan, oso zaila da, orain arte jardun dugun moduan jardutea».
Enpresez gain, Goierriko ia herri guztietan daude gaztetxoentzat, aisialdirako ekintzak antolatzen dituzten talde eta elkarteak. Horietako bat da Beasaingo Txilibutxof aisialdi taldea. Duela hiru urtetik hona, taldeko begirale gisa aritzen da Irene Kortaberria beasaindar gaztea eta horrela esan du: «Udalarekin hainbat ekintza egiteko konpromisoa hartuta genuen, eta gauden egoeran egonda, guztia bertan behera utzi behar izan dugu». Aste Santuan egun baterako irteera zuten antolatuta, herriko festetan ere hainbat ekintza antolatzen dituzte eta uda partean, horrelako taldeentzat sasoi fuerteenean, Beizamara irteera egitea zuten pentsatuta, aurreko urteetan egin duten moduan. Urteko ekintza «nagusia» dela esan du. Horrelako bi egiten dituzte, «neguan, Gabonen aurretik, eta udan, ekainean, asteburu bateko edo lau eguneko irteera izan ohi da, urtetik urtera aldatzen dugu».
Plana guztiz lotu gabe zuten oraindik, baina begirada Beizaman jarria zuten jada Txilibutxofeko gazteek. Gauzak horrela, izen ematea ere ez dute ireki.
Egoera bertsuan daude Legazpiko Sorgintxuloko kideak. Ibon Gurrutxaga taldeko begiraleetako bat da. Uztaileko bigarren hamabostaldian, Errioxan edo Sorian 15 eguneko egonaldia antolatuta zuten jada, aurreko urteetan egin duten moduan: «Kanpin dendekin joan ohi gara». Aurten, ordea, bertan behera geratu da: «Haurrek izena emanda zuten eta zozketa egitea falta zen». Guztira, «60 haur eta 20 bat begirale ginen joatekoak».
Egoera honen aurrean zein sentipenekin geratzen den galdetu eta «tristura handiarekin» erantzun du: «Gaztetxoak kanpamentura joateko irrikan egoten dira urtero, askok errepikatzen dute esperientzia».