Aurreneko elkarteak hasi dira ateak zabaltzen
Astelehenetik irekitzeko baimena badute ere, elkarte gehienek ez dituzte ateak zabaldu, segurtasun arauak betetzeak lan eta inbertsio handia eskatzen baitu. Ormaiztegiko Barduliarrak eta Brinkolako Armuño dira irekitzen aurrenekoetakoak.
Alarma Egoeraren konfinamendua arintzeko bigarren fasean sartuta, elkarte gastronomiko eta txokoak irekitzea baimenduta dago, edukieraren %50a errespetatuz eta ostalaritzako lokalek bete behar dituzten neurri higieniko berberak betez. Hala dago jasota Eusko Jaurlaritzak maiatzaren 25ean Ertzaintzari eta udaltzaingoei helarazi zizkien osasun alarmaren inguruan jarraitu beharreko irizpideetan. Zehaztasunak beranduago etorri dira, Osasun sailaren eskutik.
Tabernen irekierak bezala, elkarteenak ere zalaparta eragin du gizartean, normaltasunera iristeko falta den tartea murrizten duen beste pauso bat delako. Baina elkarte gehienek momentuz ateak ez irekitzea erabaki dute, irizpideak ez dituztelako argi ikusten edo irekitzeko eskatzen zaizkien baldintzak betetzeko zailtasunak dituztelako.
Goierrin bietatik daude, itxita jarraitu dutenak eta ireki direnak, hori bai, azken horietan martxa ez da inolaz ere betikoa. Lehenen artean, Beasaingo elkarte guztiak daude, baita Ordiziakoak, Zaldibiakoak edo Lazkaokoak ere, atzo arratsaldean behintzat. Beste herri batzuetan, berriz, hasi dira elkarteak irekitzen poliki-poliki, Ormaiztegin edo Legazpin, esaterako.
Ormaiztegiko Barduliarrak
Ormaiztegin, Barduliarrak elkarteak ireki ditu ateak dagoeneko. Hilabete inguru daramate irekiera prestatzen. Luis Juan Unanua eta Mikel Irizar kideek azaldu dutenez, «lehen fasean, kalera ateratzeko aukera eman orduko jendea deika» hasi zitzaien, ea soziedadea noiz ireki behar zuten galdezka. Segurtasun neurri guztiak hartu eta ahal bezain pronto elkartea nola zabaldu aztertzen aritu dira, eta atzotik, martxan dute dagoeneko.
Azken asteetan araudi ezberdinak ikusi, lokalaren neurriak hartu, planoak egin eta dena nola antolatu pentsatzen aritu dira. Araudi bat sortu dute, eta bazkide guztiei banatu diete. Aste honetan, enpresa bat ekarri dute, lokala desinfektatzera. Baina ez da hartu duten neurri bakarra izan. Elkartearen edukiera 22 lagunera mugatu dute normalean 45 bat lagun sartzen dira, eta 48 ordu lehenago eman behar dute bazkari nahiz afarietarako izena. Horrela, garbitzailearen ordutegia antolatzen dute, otordu batetik bestera, lokala garbitu eta desinfektatu dezan.
Elkartera sartzerakoan eskuak garbitzeko jela erabili behar da derrigor, eta sarrera eta sukaldeko gunean, baina musukoa jarri ere. Norberak etxetik eraman dezake maskara, eta ez duenarentzat, 0,70 zentimoan jarri dituzte salgai.
Sukaldean aldiko bi lagunek aritu ahal izango dute, bakoitza sukaldearen alde banatan. Behin sukaldatutakoan, bazkaria edo afaria zuzenean mahaira eraman behar da. Musukoaz gain, paperezko amantalak ere jarri dituzte, erabilera bakarra eman eta botatzekoak. Barran ezingo da inor egon, eta hori ekiditeko, elkartearen araudi berria jasotzen duen panel bat jarri dute, barraren gainean.
Jangela koloretako puntuekin banatu dute, aulki batean bai eta hurrengoan ez, jendea txandaka eser dadin. Telebistaren erabilera debekatu dute, urrutiko kontrola eskutik eskura ez erabiltzeko, eta 14 urtez azpikoen sarrera ere mugatu egin dute, zaila baita haiek ere segurtasun distantziak mantentzea. Komunean, berriz, eskuetako jelaz gain, desinfektatzailea era jarri dute, erabili ondoren, bazkide bakoitzak bota dezan.
Denera, 1.300 bat euro gastatu dituzte egokitzapen horiek guztiak egiten. Lan handia izan dela diote Unanuak eta Irizarrek, baina gustura daude, atzo iluntzetik, berriz ere zabalik baitute Barduliarrak elkartea. Biek ere, asteburuan estreinatuko dute.
Legazpin, Armuño
Antzeko neurriak hartuta ireki zituen ateak asteartean Legazpiko Brinkolan auzoko Armuño elkarteak. Martxoaren 15etik itxita egon ondoren, bazkideak irrikan zeuden auzoko topagunean elkartzeko.
Armuñoko zuzendaritza taldeko Iñigo Gorospek azaldu duenez, elkartea itxita egon den bitartean, «whatsapp bidez kontaktuan egon gara zuzendaritzakoak, eta irekiera astelehenetik aurrera posible zela ikusita, asteburuan lan batzuk aurreratu ditugu». Jel bereziak eta desinfektatzaileak erosi zituzten lehenik, eta gero, igandean elkartean bertan egindako bileran, «segurtasun neurriak eta bestelakoak zehazteko, barne araudi bat» osatu zuten, elkartea bera ere irekierarako fisikoki prestatzeko. Edukiera kalkulatzea eta horren erdira egokituta mahaiak eta aulkiak antolatzea izan zen lane- tako bat: 24 lagunentzako tokia dago orain Armuñon, denak mahaietan eserita.
Araudia egiteko, berriz, eta Osasun sailaren irizpide zehatzen faltan oraindik, tabernei eskatutakoa izan zuten kontuan eta, batez ere, «sen ona» erabili zuten. Araudian jasotako neurrien artean, garbitasunari arreta berezia jarri diote: elkartera sartzerakoan eskuak garbitzea, ordainketak egiteko pantaila edo tabako makinako botoiak desinfektatzailearekin garbitzea, komunak norberak garbitzea erabili ondoren, baxera guztia garbigailuan garbitzea… Barraren eta sukaldearen erabilera ere mugatu dute, distantziak bermatzeko asmoz. Banan bana sartu ahal izango dira bertara, eta sukaldean bi edo gehiago ibili behar badira lanean, maskarak jarrita. «Bazkideei arduratsu jokatzeko eskatu diegu».
Armuño asteartetik dago irekita astelehenean, lokala desinfektatzeko itxita egon zen, eta «bazkideek oso jarrera onarekin» hartu dituzte neurri guztiak. Atzo bertan helarazi zizkien Legazpiko Udalak Osasun sailaren irizpideak, eta «egokitzapen txiki bat edo beste» egin behar badute ere, orokorrean «bide onetik» doazela ikusi dute.