Komunikazioa, elektronikoki
Merkataritza elektronikoak indarra hartu du Alarma Egoeran, eta webgune eta aplikazioen kudeaketen eskaera ere oparoa izan da. Kultur ekintzetako publizitatea bertan behera, bideo bidez bideratu dute kultur komunikazioa.
Komunikazio grafikoak ez du izan etenaldirik. Enpresa gehienetan lanean jarraitu dute, etxetik izan bada ere. Eraginik izan du, halere, arlo honetan osasun krisiak: webguneen garapen eta kudeaketa proiektuen eskaera igo da, eta kultur eremuko ekintzetako komunikazioa bideoen bidez bideratu da. Merkataritza elektronikoak ere gora egin du koronabirusa dela eta.
Ordiziako ACV Mutltimedia enpresan Edurne Rubiok, Josean Telleriak eta Irune Elizegik egiten dute lan. Webgune eta app mantenimenduak egiten dituzte, lehentasunezkoa dena: «Hasieratik esan ziguten beharrezkoa zela», esan du Rubiok.
Azaldu dute hasieratik izan dutela irekita bulegoa, baina itxialdian langile bakarra egon da bertan. Besteek etxetik egin dute lan. Udalak izan dira bezero nagusiak: «Azkenean udal batek ezin du webgunea edo aplikazioa erorita eduki, eta gutxiago orain egoera honetan».
Lan handia izan dute lan arlo hori dela eta: «Webguneengatik ezagutzen gaituzte, eta lanean jarraitzeko aukera eman digu horrek», azaldu du Telleriak.
Merkataritza elektronikoa
Aurretik zituzten bezeroez gain, proiektu berriak ere badituzte ACV enpresan. Adibidez, uztailean Eusko Jaurlaritzarentzako lan bat zabalduko dute. Dena den, Rubiok adierazi du haien kasuak ez duela orokorrean komunikazio grafikoaren egoera islatzen: «Koronabirusa dela eta asko erabiltzen ari diren erraminta da webgunea».
Etxealdian enpresa askok beste bide batzuk aurkitu behar izan dituzte produktuak saltzeko. Horrela, Internet bidezko salmentek gora egin dute. Telleriak azaldu du merkataritza elektronikoa sustatzeko lanak ere izan dituztela: «Donostiako bezero batek ezin zituen produktuak saldu eta soluzio azkar bat eman genion behintzat saltzen hasi eta martxa hartzeko».
Batzuk bertan behera
Ordiziako Tandem komunikazio grafikoko enpresako Erkuden eta Leire Mendizabalek aktibitatea ez dute eten: «Ordenagailua etxera eraman eta gure hornitzaileak lanean ari zirela ziurtatu genuen», azaldu du Erkuden Mendizabalek.
Eskuartean zituzten proiektu batzuk, dena den, bertan behera gelditu dira: «Lana jaitsi zaigu jendeak ez zekielako ordaintzeko izango zuenik hasieran, baina maiatzetik aurrera galdutako %85-90 inguru berriro hartu ditugu». Etxetik, emailez eta telefonoz egon dira harremanetan bezeroekin etengabe.
«Gure beste sektore bat kultura da, eta hori da galdu duguna», azaldu du Leire Mendizabalek. Izan ere, festak, kontzertuak edo antzeko ekintza kulturalak egin ez direnez, horietarako komunikazio lanak ere bertan behera gelditu dira: «Jendeak beste bide batzuk ere bilatu ditu».
Bide berri horiek Interneten eta sare sozialetan bereziki izan dute oinarria: «Sare sozialak asko hazi dira eta kultura arlotik bideoetara bideratu da».
Enpresentzako jarduna bertan behera geratu da hein handi batean: «Maiatzean Bilbon Makina Erraminten Azoka izan behar zen eta horretarako panfleto eta foileto guztiak bertan behera geratu dira».
Hausnarketarako unea
Erkuden Mendizabalek azaldu du egoerak «pentsatzeko denbora» hartzeko aukera eman diela: «Askotan ez dugu denbora hartzen pentsatzeko gure irudia ondo dagoen ala ez». Hori dela eta, kanpaina bat egin dute jendeari «egoera lasai hartzeko» eskatzeko: «Autohausnarketa, guk ere egin dugu gure buruarekin; webgunea eguneratu dugu eta barneko gauzak egiten eman dugu denbora hori», esan du Leire Mendizabalek.
Komunikazio plan integrala eskaintzen dute Tandemen: «Gure helburua enpresa bati hasieratik bukaerara laguntzea da», adierazi dute. Logotipotik hasi eta bertatik zuzendutako irudi guztiak kudeatzen dituzte: «Guk zerbitzu osoa ematen dugu, eta gero beste aditu batzuekin ere kolaboratzen dugu».
Webgunea garatu behar badute, kolaboratzaile batekin aritzen dira: «Nahiago dugu diseinuan oinarritu eta hori ondo egin». Enpresa baten irudia eta identitatea ez denez egun batetik bestera garatzen, jarraipen bat eskatzen diete bezeroei: «Bezeroak ezin du marka nahi bezala erabili, identitatea jarraipen horrek sortzen du».
Etxekoa eta lana uztartzea
Tandemen bezala, Beasaingo Faktore enpresan ere etxetik egin dute lan. Unai Altolagirre arduradun eta langile bakarrak azaldu du zailtasunak izan dituela etxeko lanak eta bulegoko lanak uztartzeko: «Azkenean emazteak goizez egiten duenez lan, nik goizetan umeekin egon behar izan dut».
Arratsaldez egin du lan, eta bulegora inguratu da behar izan duenetan: «Bezeroren batekin geratuta etorri naiz pare bat aldiz Beasainera, baina gehienbat etxetik aritu naiz». Itxialdiaren aurretik eskuartean zituen proiektuekin ibili da lanean, baina tarte horretan ez da proiektu berririk sartu: «Gure lan arloan proiektuak luzeak direnez, bi hilabetera edo nabarituko dut eragina».
Egoeraren eta beharren araberakoa da zerbitzuen eskaintza, baina batik bat markaren sorkuntzan oinarritzen da Altolagirreren negozioa. Halere, azaldu du bide, euskarri eta aukera berriak ere bilatu behar dituela honelako egoeretan. Markaren sorkuntzan eragin negatibo handiagoa izan baitu koronabirusak bideogintzan edo webguneen kudeaketan baino: «Ni orain ere ari naiz online denda batekin, baina egoeraren araberakoa da».
Webguneen eta aplikazioen kudeaketen eta merkataritza onlineko eskaerek gora egin dute Alarma Egoeran, enpresen eta erakundeen komunikazio euskarri nagusi bilakatu direlako.