Azokak geldi, baina artisautza ez
Koronabirusak eragindako krisiak artisautzan eta eskulangintzan aritzen direnak ere kolpatu ditu. Artisau azokak bertan behera geratu dira eta salmentekin jarraitzeko bide berriak bilatu dituzte.
Deseskalatze faseek aurrera egin ahala, lanera bueltatu ahal izan dute premiazkoak ez diren ekonomia jarduera desberdinetan lan egiten dutenek: lantegiak, dendak, tabernak… Baina badago oraindik nolabaiteko normaltasunera bueltatu ezinean dagoen sektore bat, artisauena eta eskulangintzan aritzen direnena. Herrietako festetan eta artisau azoketan saltzen dute sortutakoa, eta hori dute erakusleiho garrantzitsuenetako bat. Bai festak eta bai azokak, bertan behera geratu dira koronabirusaren osasun krisiagatik, eta oraindik, zaila da esaten noiz beteko dituzten kaleak berriro. Sektorean lan egiten dutenen ahotsak jaso ditu GOIERRIKO HITZAk.
Maider Uli zumarragarra da baina Lana (Nafarroa) du bizitoki, Lizarrako merindadean, 200 inguru biztanle ditu. «Lana ibarra Lokizko mendilerroaren azpian dago, paraje oso ederrean eta horrek arnasa ematen dit». Telefonoz deitu eta tailerrean zegoen, «lanean». Encueros larrutan markaren atzean dago, larruarekin egiten du lan, «poltsak, bizkar-zorroak, gerrikoak…» egiten ditu. Artisauen lana bistaratzeko helburua duen Made in Urola proiektuaren sustatzailea ere bada.
Kontatu du, «azoketatik bizi» dela, «urtean 20tik gora azoketara» joaten da, horien artean « garrantzitsuenak, Iruñea erdialdeko Gaztelu plazan egiten den Nafarroako Artisau Feria, Erdi Aroko azokak, herrietan antolatzen diren azokak dira, besteak beste». Neguan «etenaldia egiten dugu, urtarrilean eta otsailean, eta ondoren, Aste Santura begira hasten gara». Alarma egoera ezarri zenean, hain juxtu, Aste Santuan egitekoa zen azoka garrantzitsu batera joateko prest zuen material berria, «baina bertan behera geratu zen, aurrerago ere, momentuz, ez dago batere argi horrelako jarduerekin noiz eta nola hasiko garen». Izan ere, Gabonetara begira jarrita ere, «zalantzak» ditu.
Astero-astero herri desberdinetan egiten diren elikagai eta bestelako produktuen azoken aldean, aisialdia ere biltzen dute artisauen azokek, eta jende pilaketak gomendagarri ez diren garai honetan, «nola egin daiteke?». Besteak beste, «postua nola jarri, hurbiltzen denak produktuak ukitzen ditu…»
Merkaturik ez dagoenez, tailerreko lana egiteaz gain, sare sozialetan trebatzeko baliatzen du denbora. Aitortzen du, orain arte gehiegi erabili ez duen erreminta dela: «Orain etengabe ari naiz erakusleiho horretan, baina ez da erraza». Facebook eta Instagram erabiltzen ditu materiala erakusteko, baita Whatsapp-a ere, eta horri esker, salmentak egiten jarrai dezake. Horrez gain, online denda zabaltzea pentsatzen ari da, baina salmenten beherakadarekin, diru sarrerek ere behera egin dute nabarmen. Artisautzatik bizitzea erabaki zuen aberastuko ez zela garbi izanda, «egunean-egunean bizi naiz». Kontua da, online denda egiteko «aurrekontua 1.000 euro ingurukoa» dela. «Nafarroako gobernuak laguntzarik emango ote duen zain gaude». Zeren gainera, kale saltzaileen artean, «urte osorako autonomoetan alta emanda daude batzuk, beste batzuk, berriz, aldi baterako». Bigarren horien kasuan, «oztopo gehiago dugu laguntzetara heltzeko».
Bestalde, krisi hau iritsi aurretik, artisauek bizi zuten egoera zaila azaleratu du zumarragarrak: «% 21eko BEZrekin lan egiten dugu, astakeria bat da, eta BEZ murriztua eskatzen ari gara aspalditik».
Gauzak horrela, garbi du, «kontsumo ohituren inguruko hausnarketa egiteko unea» dela: «Dirua mugitzen dugunak herritarrak gara, diru hori nora zuzendu erabaki dezakegu, uste duguna baino indar handiagoa dugu, eta gauzak alda ditzakegu, bai politikoki, bai ekonomikoki, gakoa, hori guztia sinestean datza».
Berrantolatzen
Artisautzatik bizi dira baita ere Maite Salutregi eta Jone Urain. Keramika lantzen dute, Pott Keramika da haien proiektua. Itsason bizi dira, eta etxean bertan dute tailerra.
Pott Keramikakoak gertuko artisau azoketan mugitzen dira, «Zumarragan, Oñatin, Ordizian…». Martxoaren 8an, Emakumeen egunean, Urretxuko plazan egin zen azokan ere izan ziren, «hura izan zen azkena». Egun «oso polita» izan zen eta «Donostian egitekoak ziren azoka baterako prestatzen harrapatu gintuen honek guztiak». Horrelako hitzorduetan ezagunak dira jada, eta esan dute, «bezero fidelak» dituztela, «azoketara urtero-urtero joatearekin lortu dugu hori». Horrez gain, «ahoz ahokoak asko laguntzen du». Bezeroak, «zeramika gustuko duten pertsonak eta opari alternatiboak egin nahi dituztenak» izan ohi dira.
Azokez gain, beste bide batzuetatik ere lortzen dituzte diru sarrerak: «Zeramika klaseak ematen ditugu kultur etxean, kultur ekitaldiekin lotuta enkarguak izan ohi ditugu…». Bai klaseak, bai kultur ekitaldiak, bertan behera geratu eta bide horiek sortzen dieten «lanik gabe geratu» dira.
Kontatu dute, «hilabeteotan, salmentak, online dendaren bidez egin» dituztela. Egoera normalean, «denbora nahikoa ez eta online denda egokitzen jardun dugu». Aldaketa «handia» izan da haientzat ere, beraz, «berrantolatu» egin dira. Azoketara noiz bueltatuko diren iragartzea zaila denez, «alde sortzailea daukagunok, beti egiten dugun ariketa horrekin jarraitzeko unea da», nahiz eta orain, «hori ez dago guztiz gure esku, baina aurrera jarraitu behar dugu».
Salmentek behera egin badute ere, une gogor hauetan konfiantza erakutsi dieten haiekin oso eskertuta agertu dira: «Une garrantzitsua da, herriko denda txikiak indartzeko laguntzen ari dira herritarrak. Guk ere antzeman dugu, ingurukoek enkarguak egin dizkigute eta oso pozik gaude gurekin gogoratzeagatik».
Horregatik,«positibo» daude eta uste dute, «gertuko jarduerak indartzeko mugimendu bat sortzen ari» dela, eta horri heltzea «guztiz beharrezko» dela. Denda fisikorik ez dutenez, bezeroekin duten harremana errazte aldera, telefonoz txanda eskatu eta Itsason duten tailerrean ari dira arreta ematen.