«Bere datetan eta martxan ari gara gazta egiten, uztea ere ez da ona eta»
Geldi sumatu du salmenta Zeraingo Basazabal gaztandegiko Javier Muñoak, koronabirusaren gordinenean. Jendea gazta eramaten hasi bada ere, bi hilabeteko atzerapena nabari dela dio; hozkailuan «atean bultzaka» dauzkate.
Zer moduz joan da konfinamenduko epea?
Gutxiago mugitu da konfinamendu garaian gazta salmenta. Geldi egon den arlo hori, geldi dago orain ere. Jendea hasi da pixka bat gazta eramaten, hala ere. Baina hilabete horietan gutxi, eta gero atzerapen hori nabarituko da azkenerako.
Gertuko merkatua daukazue?
Etxetik eta inguruan saltzen ditugu gazta gehienak, sagardotegietara, ostalaritzara eta turismora. Kontsumorik ez da egon horietan, eta guk ere nabaritu dugu, noski. Hau katea da, azken batean.
Etorkizuna nolakoa etorriko ote da?
Ikusi egin behar, oraindik, nola geratzen den kontua. Udazkenean izango ote den berriro gaixotasunaren zabalkunde bat… Osasuna baldin badugu, eta gaixotu ez, lanean segituko dugu.
Gaztak, saldu gabe geratu direnak, biltegietan edukiko dituzue.
Atean bultzaka dauzkagu gaztak kamaran, kabitu ezinik. Neurri baterako egiten dugu beti, bolumen batean aritzen gara. Ateratzen joaten dira normalean, baina oraingo kasua ez da hori, eta pilatu egin dira.
Ekoizpena gutxitzeko asmorik?
Esnea ateratzen ari gara oraindik, eta gazta egiten. Bere fetxatan ari gara gauzak egiten, bere martxa bat eraman beharra dago. Bestela, utzitakoa utzita izaten da, eta hori ere ez da ona.