Lazkaoko Udalak 200.000 eurorekin lagunduko du Covid-19aren kaltea
Merkataritza-ostalaritza arlorako laguntzak eta hobariak onartu ditu. EH Bilduk aurka bozkatu du, diru hornidura «gutxiegi» iritzita. Kirol zerbitzuetako kontratua eten dute
Lazkaoko Udalbatzak ostegun arratsean egin zuen Covid-19 koronabirusaren alarma hasi zenetik lehenengo osoko bilkura. Udaletxeko batzar aretoan elkartu ziren 13 zinegotziak, ezohiko neurriekin: batzar mahaia luzatuta distantzia mantentzeko, musukoekin eta herritarrentzat 10 laguneko muga jarrita (8 izan ziren). Udalean telematikoki ez dute batzarrik egin, krisiaren koordinazio eta jarraipen batzordearenak izan ezik.
Gai zerrenda luzexka zen, eta bi ordu iraun zuen batzarrak. Eztabaidatsua izan zen, tarteka ika-mika mikatzekin udal gobernuko EAJren eta oposizioko EH Bilduren artean. Esparru ekonomikokoak eta zerbitzuen esleipenak ziren gai gehienak.
Erabaki aipagarrienetakoa, Covid-19aren motelaldia arintzeko merkataritza-ostalaritzarako udalak diseinatu duen plangintzarako diru hornikuntzarena izan da. 200.000 euro bideratzea onartu du udalbatzak, EAJren aldeko eta EH Bilduren aurkako botoekin.
Oposizioak «gutxiegi» iritzi dio kopuruari, «600.000 euro behar» direla esanda. Bai kreditu gehikuntzaren, bai diru laguntzen oinarriak onartzeko puntuaren aurka egin du EH Bilduk. Establezimenduei zuzeneko diru laguntzak ematearen aldeko direla esan du. Alkateak «laguntzari ezezkoa ematearen harridura» azaldu du; adostasunerako «hormarekin topo» egin dutela gaineratu du oposizioak.
Pandemiak zuzenean kaltetutako sektore horiei gastuen %60 finantzatuko zaiela esan du alkateak, materiala emanez, aplikazioak eskainiz (Internet bidezko salmenta indartuko da) edo formakuntzarako. Martxoaren 13tik ekainaren 30era egindako gastu justifikatuak sartuko dira.
Udal tasetan hobariak aplikatuko zaizkie, ordaindu beharrekoaren «presioa jaisteko». Negozioa itxita edo irekita egon den bereiziko dute. Gai hori aho batez onartu da.
Koronabirusaren kalteetarako laguntzarako diruaz gain, beste kreditu aldaketa batzuk ere egingo ditu udalak, guztira 489.835 euroko baliokoak. 2020ko aurrekontuan akatsez gutxiegi utzitako diru asignazioak zuzenduko dira: etxez etxeko zerbitzurako 120.000 gehiago, lorategien mantenurako 110.000 gehiago, eta argiteriaren azterketarako, informatikarako nahiz udal ondasun balioen kopuruak igota.
Kiroletako ituna, hautsita
Kiroldegian zerbitzua ematen duen enpresak eskatuta, kontratua bertan behera utziko da. Arazo ekonomikoak alegatu ditu, eta adjudikazioa eta zerbitzua adostasunez etengo dute. Aho batez onartu zuen udalbatzak.
Kontratua suntsitzeko espedientea hasiko du udalak orain, baina, «zuhurtziaz», udalari sor dakizkiokeen «kalteak eta galerak» estaltzeko, enpresak jarritako bermea mantentzeko baldintza jarrita. Kirol zerbitzua esleitzeko kontratazio berria hastea ere bozkatu da. EH Bilduk aurka egin du, zerbitzuko langileei titulartasun publikoko kirol instalazioetako hitzarmena aplikatzeko neurria ez delako agertzen pleguetan. Alkateak zehaztu du legeak ez duela uzten hitzarmen zehatz bat aipatzen.
Instalazio elektrikoen mantenu zerbitzua esleitzeko kontratazioa ere onartu da. Materialak nondik erosi, desadostasuna erakutsi du EH Bilduk, eta abstentziora jo du. Garbiketa zerbitzua ematen duen enpresari (Traeco) kontratua urtebete luzatu zaio, bestetik. Urteko kanona 4.881 euro gehituko zaio, 2019ko indizea %1,9 eguneratuz. Aho batez onartu da.
2019ko diru kontuen likidazioa azaldu du idazkariak. Diruzaintzako gerakin likidoa 9 milioikoa du Lazkaoko Udalak.