Zahartzaroari aurre egiteko ekimena jarri dute abian hainbat udaletan
Adinberri fundazioak finantzatutako proiektua da GoiOsasunLab. Mutiloan, Itsasondon, Beasainen eta Ataunen egingo dute. Bizi kalitatea hobetzea du helburu
Gipuzkoako Aldundiaren Adinberri fundazioak urtarrilean diruz lagundu zituen hainbat proiektu gizartearen zahartzeari aurre egiteko. Horietako bat GoiOsasunLab ekimena izan da, eta hilabete honetan jarriko dute martxan proiektua Ataunen, Beasainen, Itsasondon eta Mutiloan. Zaurgarritasuna duten adineko pertsonei zuzendutako proiektua da, Ubikare eta H-Enea Living Lab enpresen artean garatutakoa, eta autonomia luzatzea du helburu: «Pertsona horien hauskortasuna gutxitu edo bizi kalitatea hobetu nahi dugu», azaldu du Nerea Amenabar Ubikare enpresako kideak.
Bi zatitan banatuko dute ekimena. Lehendabizi, diagnostikoa egingo zaie proiektu hasieran parte hartzaileei telefonoz, teknologiarekiko duten harremanari buruz. Gaitasun fisiko, kognitibo, nutrizional eta eguneroko aktibitateen inguruan ere hitz egingo dute.
Ondoren, akzio plana egingo dute mediku, erizain eta udal teknikari eta zinegotziekin, beharrak identifikatu, baliabideak ez dituztenei erremintak eraman eta martxan jartzeko.
Goierriko lau herritan
Itsasondon, Beasainen, Mutiloan eta Ataunen jarriko dute abian GoiOsasunLab ekimena. Hasieran Lazkao ere parte hartzekoa zen, baina koronabirusak eragindako egoera dela eta atzeratzeko erabakia hartu dute: «Lazkaoko udalak baloratu du aurten ez egitea, aurrerago agian egingo du», esan du Amenabarrek. Parte hartzaile kopurua «oso positiboki» baloratu dutela azaldu du: «Itsasondon 19 pertsonak eman dute izena, eta hiru gehiago izan daitezke oraindik, %20-25 izango da».
Telematikoki
Era telematikoan egingo dituzte ekintza guztiak: «Dei bidez edo whatsapp bidez, haientzat erosoena den erremintarekin». Amenabarrek azaldutakoaren arabera, menpeko bihurtzeko aukera gehiago dituzte zaurtasunean bizi diren adinekoek: «Haien egoera hobetzea da helburua». Halere, agian denek ez dute teknologia maila bera izango eta, beraz, baliabideak ez dituztenen zerrenda osatuko dute diagnostiko fasean: «Baliabideen analisi bat egingo da parte hartu nahi duen inor kanpoan utzi ez dezagun».
Amenabarrek adierazi du Izarkom telekomunikazio enpresak dohainik haien laguntza eskaini diela baliabide teknologikorik ez duenarentzako. Udaletxe bakoitzaren arabera jarriko dute martxan proiektua, parte hartzaileen izen ematea ixten dutenean. Aste honetan edo datorren astean hasiko dira diagnostikoarekin Amenabarrek esandakoaren arabera. Zahartze aktiboa landu eta komunitatea osatu nahi dute.
Hauskortasuna gutxitu
Bakoitzaren egoera soziosanitarioa eta teknologikoa ezagutu eta gero, tailerrak egingo dituzte pertsona eta adin bakoitzera egokituta. Parte hartzaileen adina 72 urtetik 96 urte bitartekoa da. Programa amaitzen dutenean emaitzak ebaluatuko dituzte, indibidualki eta udaletxe eta mankomunitate mailan.