Aitona-amonak ikusteko minutuak kontatzen
Martxoaren 14tik itxita daude adinekoen egoitzak eta senideek ezin izan dituzte egoiliarrak bisitatu. Normaltasun berrira bidean pauso bat gehiago eman da eta dagoeneko senide baten bisita posible da.
Azken hilabetean ez da ez kutsaturik eta ez hildakorik izan Gipuzkoako adinekoen egoitzetan, baina hori horrela izanda ere, koronabirusak utzi dituen heriotza datuak, hotzak dira. Zenbaki ofizialen arabera, Gipuzkoako adinekoen egoitzetan 167 egoiliar hil dira. 373k jaso dute senda agiria. 22k jarraitzen dute diagnostiko positiboarekin, bi egoitzatan. Goierriko egoitzetan 43 hildako egon dira. Sei egoitza daude eta horietako hirutan izan dira heriotzak: Beasaingo Arangoitin 7, Zumarragako Argixaon 12, eta Ordiziako San Josen 24.
Martxoaren 14an erabaki zuen Gizarte Politikako Departamentuak Gipuzkoako adinekoen egoitza eta eguneko zentro guztiak aldi baterako ixtea. Bitartean, egoiliar eta senideen arteko kontaktua, telefono eta bideodeien bidez mantendu da. Hirugarren fasean sartuta, egoitzetako egoiliarrek senideen bisitak jaso ahal izango dituzte.
Adinekoentzako zentroak baina, oso modu mugatuan, mailakatuan eta osasuna bermatzeko baldintza zorrotzekin irekiko dira. Bisitak hitzorduarekin izango dira eta egoiliar bakoitzak bost egunetik behin, pertsona baten bisita bat jaso ahalko du. Ordu erdiz egon ahal izango dute elkarrekin, momentuz ezingo dute kontaktu fisikorik izan egoiliarrarekin, bi metroko distantzia gorde beharko dute elkarren artean eta maskararen erabilera derrigorrezkoa izango da. Gainera, bisitariari tenperatura hartuko zaio eta bisita amaituta, eremua desinfektatuko dute.
Gaur aurrez aurre
Pertsona gutxik konta dezakete bizitzan bi osasun krisi gainditu dituztela. Goya Miguel Perezek «1918ko gripea ere bizi izan zuen, baita gerra ere, 101 urte bete zituen iragan urtarrilean, sentibera bai, baina emakume oso gogorra da», hala kontatu du haren seme Fede Toledok. Beasaingo Arangoiti egoitzan du ama eta azken hilabeteotan, ezin izan du aurrez aurre ikusi. Azken hilabeteetan «egia esan, bideokonferentzia bidez izan dugu harremana, baina ez da gauza bera, kontaktu zuzena faltan bota» du. Gaur, aurrez aurre ikusteko eguna iritsi da, eta ama nola aurkitzea espero duen galdetu eta esan du «seguru emozionatu» egingo dela, eta «egingo duen lehen gauza bilobak zer moduz galdetzea izango da».
Gogoratu du, adinekoen egoitzak itxi eta «gutxienez bi aste igaro» zirela Arangoitin lehen kasua atzeman zuten arte. «Dagoeneko ezin zitekeen bisitarik egin, eta ez dute argitu nola gertatu zen». Zuhurtziaz adierazi du, «agian kontrol falta» egon zela. Lehen kasuak agertu eta «kutsatutako egoiliarrak eta ez kutsatuak, solairu desberdinetan jarri zituzten». Koronabirusaren probak ere egin zizkieten egoiliarrei. Toledoren amari, «bitan» egin zizkioten, hain zuzen ere, eta «bietan negatibo» eman zuen. Beraz, «osasunez ondo egon da eta horregatik, amak lasaitasunez» eraman du.
Bukatzeko, amarekin aurrez aurre egon ezin izan den denbora luze honetan, egoitzako langileek egindako lana nabarmendu nahi izan du Toledok , eta «eskertuta» dagoela esan du. Gaineratu du «adineko pertsonak zaintzen jarduten dutenen lan guztia balioan jartzeko unea» dela. «Ez dute lan erraza izan».