«Herritar asko Aniztasunaren Jaiaren zain egoten dira»
Monica Leiva (Badalona, Katalunia, 1978) Urretxuko Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiko arduraduna da. Aniztasunaren Jaia bertan behera utzi behar izan dute.
Noiztik antolatzen da Aniztasunaren Jaia?
2013tik antolatzen da eta, antolaketan parte hartzen dutenek jarraitzeko gogoa duten bitartean, antolatuko dugu. Iaz 33 taldek parte hartu zuten antolaketan. Batzuk elkarte bezala eratuta daude eta beste batzuk ez, baina denek gizarte inklusibo baten alde lan egiten dute.
Ze bilakaera izan du jaiak?
Jaiak bilakaera nabarmena izan du 2013tik gaurdaino. Izena ere aldatu du. Hasieran Kulturen Azoka zen eta iaz izena aldatu zitzaion. Izan ere, Aniztasun eta Bizikidetza Mahaian gaiaren inguruko eztabaida piztu zen. Mahai horretan diskriminaziorik gabeko gizarte kohesionatu bat nahi duten herritarrek eta elkarteek lan egiten dute eta elkarte batzuk ez ziren Kulturen Azoka izenarekin identifikatuta sentitzen. Nahiago zuten aniztasun hitza aipatzea. Izan ere, jaia aniztasun kulturala erakusteko jaio zen, baina egun aniztasun mota guztien erakusle bihurtu da. Aniztasun hori aberasgarria da.
Zeintzuk dira jaiaren ardatzak?
Jaiak hiru ardatz ditu: gastronomia, familientzako tailerrak eta ikuskizunak. Iaz, gastronomia atalean, txinatar komunitateak parte hartu zuen lehenengoz. Urtero komunitate eta elkarte berriek parte hartzen dute. Gainera, herritar asko jaiaren zain egoten dira. Izan ere, ikasturtearen amaierarekin eta eguraldi onarekin lotua dagoen festa bat da.
Zeintzuk ziren aurtengo berrikuntzak?
Osasun mentalari buruzko erakusketa bat egiteko asmoa genuen. San Juan de Dios ospitaleko artisten lanak ekarri behar genituen. Artista hauek, Agifeseko kideekin batera, beraien esperientziari buruz hitz egin behar zuten. Osasun mentalaren inguruan tabuak, ezjakintasuna eta beldurra nagusi dira eta oso garrantzitsua da gai horri buruz hitz egitea. Bestalde, Iparragirreren jaiotzaren 200. urteurrena denez, Iparragirreri eta migrazioari buruz hitz egin behar genuen. Izan ere, Iparragirre Euskal Herriko migratzaile ospetsuena da. Zoritxarrez, ekitaldia bertan behera utzi behar izan dugu.
Datorren urtean antolatuko al duzue?
Hori espero dugu, baina oraindik ez dago jakiterik aurrerantzean ekitaldi hauek nolakoak izango diren. Gainera, erabakiak antolaketa taldeak parte hartu behar ditu. Bi hilabete ematen ditugu jaia antolatzen eta, egia esan, antolaketa jaia baino garrantzitsuagoa da ia. Izan ere, topagune bat da. Antolaketa lanak talde ezberdinak elkartzeko eta aurreiritzien eta estereotipoen aurka borrokatzeko balio du. Denok elkarrekin lan egiten dugunean, besteen balioaz jabetzen gara.
Zer diozu Aniztasun eta Bizikidetza Mahaian egiten duzuen lanaz?
Foro honetan herritar guztiek parte har dezakete. Administrazioak ere parte hartzen du. Hilean behin elkartzen gara. Urtean zortzi edo bederatzi bilera egiten ditugu. Helburua diskriminazioarekin, aurreiritziekin eta estereotipoekin bukatzea da eta horretarako elkar ezagutzea funtsezkoa da. Talde ezberdinek parte hartzen dutenez, errealitate ezberdinak ezagutzeko aukera dugu. Izan ere, urretxuar bakoitzak harreman ezberdina du bere herriarekin. Aspaceko erabiltzaile batek bere bizitza nolakoa den azaltzen duenean, bestela ikusiko ez genituzkeen gauza asko ikusten ditugu. Ghettoak apurtzen saiatzen gara: Aspacekoak ez daitezela soilik Aspacekoekin egon, adinekoak ez daitezela soilik adinekoekin egon… Eta jende ezberdinak elkarrekin lan egitea nahi dugu. Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiari esker, zaintzaileen errealitatea hobeto ezagutzen dugu, herrian etxebizitza huts asko daudela baina kolektibo batzuk etxebizitzak alokatzeko zailtasunak dituztela dakigu… Dirua eduki arren, ez diete etxebizitzarik alokatzen. Hala, logela batean bizi beharra dute. Pentsa nolakoa izan behar den familia batentzat berrogeialdia logela batean pasatzea… Arazo horiek guztiak konpontzeko lan egiten dugu. Bazterkeria guztiekin amaitzeko lan egin behar dugu.
Nola bizi dute Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiko kideek koronabirusak eragindako krisia?
Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiak elkartu beharra du, egoera berria zein den jakiteko. Jende asko oso gaizki ari da pasatzen. Gainera, bizi duguna bezalako egoeretan, oso ohikoa da beste kolektibo bati errua botatzea. Hori dela eta, datorren urtebetean Mahaiaren lana oso garrantzitsua izango dela uste dut: bizikidetza sustatzeko, diskriminazioa saihesteko eta prebentzio lana egiteko.
Konfinamenduan zehar Mahaiko kideekin harremanik izan al duzu?
Telefonoz hitz egin dut, beraien beharrak ezagutzeko. Hasieran denak ondo zeuden, baina bigarren hilabetean batzuen egoerak okerrera egin zuen. Izan ere, dirurik gabe gelditu ziren. Elkartzeko aukerarik ez genuenez, irratsaio bat egin genuen. Bertan, jendeak bere sentipenen berri emateko aukera izan zuen eta, bidez batez, aniztasunaren berri eman genuen.
Kataluniarra zara. Gogorra al da jaioterrira joateko aukerarik ez izatea?
Gabonetan ikusi nuen azkenekoz familia. Seme-alabek uda honetan aiton-amonengana joango al garen galdetzen didate eta ezin diet erantzun. Hilabete asko daramatzagu elkar besarkatu gabe eta hilabete horietako besarkadak ez ditugu berreskuratuko.