Urubientzako ere, askatasuna
Goierriko parketxeak zabaldu dituzte eta ekintzak antolatzen hasi dira. Ostiralean hiru urubi askatu zituzten Anduetza parketxeko ataritik. Asteburuan ibilbide gidatuak egongo dira.
Txoriak kaiolan bezala gizakia bi hilabetez atera ezinik egon eta gero, arintze fasean askatasun egarriz irten da kalera. Mugitzeko beharrarekin. Ostiralean Zegamako Anduetza parketxean askatutako hiru urubiak ere ziztu bizian joan ziren baso aldera. Aspaldiko partez hegoak astintzeko aukera izan zuten, eta hegaldi dotorearekin ezkutatu ziren Aizkorri-Aratz inguruko basoan. Azken asteak Igeldoko Arrano Etxean igaro zituzten indarrak berreskuratzen, eta behin guztiz osatuta, askatu egin zituzten.
Goierriko parketxeak jada zabalik daude eta hasi dira aurrez aurreko ekintzekin. Pasa den asteburuan hiru urubi askatu zituzten. Gautxori harrapakariak dira, hontzen familiakoak. Ahaideen artean handienetarikoak dira, 40 zentimetro inguruko luzera eta kilo erdiko pisua izaten baitute. Bestelakoan, buztan laburra, buru handia eta biribila eta begi beltzak izaten dituzte. Euskal Herrian eta Goierrin oso hedatuak dago, baso inguruneetan bizi baita. Halere, animalia ikusgaitza da: gauez irteten da eta lumaje trinko eta ilunak oharkabean igarotzen laguntzen dio, ehizarako prest. Bere kantu ozena erraz entzuten da, bereziki, gaueko lehen orduetan. Urubiak azkar ezkutatu ziren arren, ostiral iluntzean Anduetzara gerturatu ziren bisitariek ulu zolia entzuteko parada izan zuten.
Ibilbide gidatuak
Parketxeetako ekitaldiak hasi besterik ez direla egin azpimarratu dute arduradunek. Izan ere, ekaineko asteburu guztietarako prestatu dute ekitaldiren bat: Ataungo Lizarrusti parketxeak Lizarrusti eta Alleku arteko basoak ezagutzeko ibilbide gidatua prestatu du asteburu honetan. Bi aste barru, ekainaren 20an, Anduetzako parketxeak San Adriango pasabidearen historia azalerazteko txangoa antolatu du. Bi ibilaldiak herenegun egitekoak ziren, baina eguraldi txarraren ondorioz atzeratzea erabaki zuten. Ibilbide gidatuetan parte hartu nahi duenak, hurrenez hurren, 943 18 03 35 eta 943 80 21 87 telefonoetara deitu behar du hitzordua hartzeko.
Ataungo eta Zegamako parketxeetan orientazio jolasak ere egongo dira datozen bi asteburuetan. Familian egiteko aproposak dira, zailtasun tekniko handirik gabeak. Jolasetan parte hartzeko ere telefonoz hots egin behar da aurrez. Informazio osatua gipuzkoanatura.eus atarian.