«Goilurrak Rallya ekainean egingarria ez zela argi ikusi genuen»
Lazkaoko Ikullu Razing eta Azkoitiko Errebueltie taldeek antolatutako Goilurrak Rallya asteburu honetan zen jokatzekoa, baina Ibai Agirrek azaldu duenez, uztailera atzeratu beste erremediorik ez dute izan.

Asteburu honetan ez da motor hotsik entzungo Lazkaon.
Goilurrak Rallya ekainean ez zela egingarria argi ikusi genuen itxialdiak luze joko zuela jakitean. Uztailaren 25ean eta 26an izango da.
Itxialdian antolaketa lanak errazak izan dira?
Lazkaoko Rallysprinta martxoaren 14an zen jokatzekoa, alarma egoerako lehen asteburuan. Zer pentsatua eman zigun, ea Goilurrak Rallyarekin jarraitzeak merezi ote zuen. Egoera itxaropentsuagoa denean animotsu ekin diogu lanari. Gainera, ederki moldatu gara telematikoki.
Proba aurreikusi bezalakoa izango da?
Rallya urtarrilerako diseinatua genuen eta horri eustea da asmoa. Ibilbideaz ezer asko ezin dut aurreratu, baina formatu berria izango duela baieztatu dezaket: egiaztapenak larunbat goizean egingo ditugu; lehen etapa larunbat arratsaldean izango da eta bigarrena igande goizean.
Ikuslerik egongo da?
Euskal Automobilismo Federazioko kideak Eusko Jaurlaritzaren Kirol eta Osasun sailekin protokolo bat sortzen ari dira. Momentuz zirriborro bat besterik ez da, baina dokumentu irmoa aurkezten dutenean jakingo dugu zer nolako neurriak hartu behar ditugun. Lortu behar duguna da zaleak ibilbide osoan barreiatzea eta segurtasun neurriak zorrotz betetzea.
Berriz ere atzeratu behar izateko beldurrik ez duzue?
Protokoloa ez da berriz atzeratzeko arrazoia izango. Protokoloak beteko ditugu eta kito. Arazoa etor liteke berriz ere kasu positiboak areagotzen badira eta arintze prozesuan atzera pausoak emango bagenitu.
Egutegia estuagoa izanik, data berria topatzeko arazorik izan duzue?
Proba asko erori egingo dira, sostengu ekonomikoa lortzea geroz eta zailagoa baita bizi dugun egoeran. Gainera, egutegia zabaltzea onartu genuen beharrezkoa bada eta hala, abendura edo urtarrilera arte luza daiteke denboraldia. Probak ez dira bata bestearekin elkartuko.
Ikullukoei itxialdiak kalte ekonomikorik eragin dizue?
Osasun larrialdia da baina eragin ekonomikoa nabarmena da, eta guri ere eragin digu. Gure proiektuak diru publikoaren eta pribatuaren bidez finantzatzen dira eta diru iturri horiek ukituta badaude, argi dago ezin digutela nahi bezainbeste lagundu.
Rally mundua gogotsu nabaritzen duzu?
Gidariak lehiara itzultzeko gogoarekin nabaritzen ditut. Gidatzea da gustatzen zaiguna eta martxotik ezin izan dugu egin.
Gidatzen ibiltzen zara, Ibai?
Gure diziplinan ezin dugu inoiz entrenatu, errepideak ixtea ez baita horren erraza. Zirkuituetara joaten gara, baina gurean ez dagoenez kanpora joan behar gara eta hori ere ezin da. Gidatzeko gogoa handia da. Pentsa, neguko geldialdia luze egiten bazaigu besteetan, aurtengoan….