Sagarra Euskal Herriko fruta izarra
San Joan sagarra aurten goiz etorri da, eta astetik astera, Ordiziako Azokako postuetan produktu berrien geroz eta aukera handiagoa dago.
M. Jesus Oria San Joan sagarrekin eta J. Antonio Elosegi Iazko azkenekoekin. // Lierni Elortza Maiatzeko giroa orain behar dugu». Hala zioten nekazariek. Izan ere fresko da ekaina izateko. Ekiak bere gaina, goreneko puntua, oraintxe du. Egunik luzeenak bizitzen ari gara eta tenperaturak 10 ingurukoak ez dira ez garai honetako barazkiak aurreratzeko aproposenak, tomateak eta piperrak sufritzeko aproposak bai ordea. Aldiz sagarrak ondo baliatu du orain artekoa eta inoiz baino goizago ekarri du San joan sagarra Itsasotik, M. Jesus Oriak, 2 euroan kiloa salgai. «Bakar batzuk horitzen hasi orduko ekarri ditut. Bezero batzuk horrelaxe nahi izaten dute mikatz puntuan». Hamabost eguneko aurrerapena hartu dio berezko bere garaiari. Atzo Ordiziako azoka izan zen sagarra Euskal Herriko fruta izarra denaren lekuko.
Oraindik ere iazko udazken negukoak salgai ditu Gabiriako Oñatibi txikiko Elosegik eta ia aurtengo lehenengoak hor dira. Azken urtetan mota asko galdu bada ere, hemengo sagarra urte guztian izan dezakegunaren froga. Gaur egun errazago gainera kamara hotzak lagun, baina Altzagako Etxeberri Goiko Arantxa Lopetegik esan digu «gure etxean oraindik ere jaten ari gara, galdu ere asko galtzen da, ez dugulako kamaran sartzen, baina etxeko lain badugu, bai erreineta eta baita mokotea ere». Nola eta non gordetzen den garrantzi handia du, «zapaian lasto eta garo gainean eta babesteko ere pixka bat gainetik jarriz» hala sagarrondo ezberdinekin baserrietan urteko sagarra ziurtatzen zuten. Intxaurrak eta hurrak lagun, urteko oinarrizko fruituak etxean bertan.
Luzokerra eta gorringoak
Azken asteetako barazki berriak ugaritu dira nabarmen, kuiatxoak, azenarioak, patata berria eta lehen luzokerrak aukeran jadanik. Aldiz gutxi batzuk ekarri badituzte ere, piperrak ez dira ugaritu, luze gozoa, ozpinetakoa eta Gernika gutxi batzuk besterik ez. Azken egun hauetako giro freskoa ez dute lagun izan.
Denboraldiko kanpoko lehen gorringoak atzo salgai, 7 kilo, (24-33 euroan kiloa), Udaberriko ziza, zizahori eta onddo artean.
Aspaldi agertu gabe zegoen jendea berriz ere inguratzen hasi da. Kokapen berrira ere ohitzen ari dira saltzaileak eta erosleak. Eta gusturago dagoenik ere bada, Kale Nagusiaren sarrerako oilasko erre saltzailea «hemen bistago gelditzen naiz, eta pasaeran nagoenez oso ondo saltzen da azken aste hauetan».













