Amaia Telleriak 'Haize-lekuak' eleberria argitaratu du
Idiazabalgo idazleak gaur aurkeztu du aurreneko liburua Donostian. «Historian oharkabean pasatzen direnen mundua kontatzeko ahalegin bat» dela dio egileak. Formatu elektronikoan ere lortu ahal izango da, asteazkenean.
Amaia Telleria idiazabaldarrak Haize-lekuak argitaratu du, bere aurreneko eleberria. Gaur aurkeztu dute liburua, Donostiako Udal Liburutegian. Errenteria Hiria jaso eta gero, eleberrirako jauzia eman du estreinekoz Telleriak. Bere amonaren umetako oroitzapenak hartu ditu kontakizunaren oinarrian, «batez ere, historian oharkabean pasatzen diren horien ikuspegitik mundua kontatzeko». Egilearen hitzetan, «ez da Gerra Zibilari buruzko eleberri bat, baizik eta egoera zail horretan aurrera atera beharra daukan familia eta, bereziki, neskato bati buruzkoa. Kontraste izugarria egiten du gerraren atzeko oihalak –batzuetan aurreneko planora ere pasatzen denak– eta neskatoaren bizi-egarriak, bizitzeko grinak».
Telleriaren lana, «arrazoi askorengatik berezia» dela azaldu Jorge Giménez Bech Alberdania argitaletxeko editoreak. protagonista nagusiaren heziketa sentimentalaren berri ematen du eleberriak, baina hamahiru urteko neskato baserritarrak ez du bakarrik bizimodu berri bat ikusi eta ikasiko, aro berri baten hastapenetan lekuko izatea ere tokatuko zaio Gerra Zibilaren garaiko Altsasu hartan: «Mikela gazteak, nerabezarora sartzearen atarian, baserriko familia eta lana izan ditu unibertso bakar. Aita umetan galdu zuen, eta, hortik aurrera, maldan gorago jarritako bizimodu berez malkartsuan aurrera egitea egokituko zaio, unean uneko eta tokian tokiko haizeteari aurre eginez, haize-leku bakoitzari egokituz».
Telleriaren idazkera deskribatzerako garaian, «sotiltasun landua» darabilela azaldu du Giménezek, eta «inguru itxuraz bare baina sakonean gatazkatsu baten berri jasoko dugu pertsonaien begietatik, alferrikako enfasirik gabe, modu leunean, jende xehearen bizimoduan ohi den bezala». Horrekin batera, Telleriak «emozioak transmititzeko erraztasun dotorea eta bigunkeriarik gabeko zehaztasuna» dituela azpimarratu du.
Paperean eta formatu elektronikoan
Liburua gaurtik aurrera salgai izango da, ohiko liburutegietan nahiz sarean. Baina paperezko formatuaz gain, edizio elektronikoan erosteko aukera ere emango dute. Asteazken honetan, gainera, erdi prezioan (5,75 euro) eskuratu ahal izango da, Alberdania argitaletxearen webgunean.