Lazkaon tabernetan neska batzuei "jazarpena" egin dietela salatu du Talde Feministak
Larunbat gauean neska gazte batzuei "hitzezko abusu eta begirada lizunak" egin zizkietela azaldu du taldeak. Neska bati ukituak egin zizkioten.
Lazkaoko Talde Feministak herrian larunbat gauean gertatutako jazarpen matxista salatu du, ohar batean. Lazkaoko taberna batean hainbat neska gazteri “jazarpena” egin zieten, eta “hitzezko abusuak eta begirada lizunak” jasan behar izan zituzten. Horrez gain, neska bati ukituak egin zizkiotela ere gaineratu du talde feministak.
“Batzuek normaltzat hartzen dituzte oraindik horrelako jarrerak. Alkoholaren eta drogen eraginpean guztiak balio duela dirudi. Bada, ez. Nazkatuta gaude”, azaldu du Talde Feministak.
Halako jarrerarik jasan beharrik ez daukatela ohartarazteaz gain, jai giroan eta bestelakoetan askatasuna aldarrikatu dute emakumeentzat. “Gauak, kaleak eta jaiak gureak dira”.
Babesa eta elkartasuna adierazi dizkie Lazkaoko Talde Feministak “erasoak” jasan zituzten emakumeei, “eta bereziki ukitua jasan behar izan zuenari”. Une hartan laguntza eman zieten herritarrak eskertu ditu, bestetik.