Legazpin astebeteko aisialdi eskaintza prestatu dute umeentzat
Legazpiko Udalak ez ditu ohiko udalekuak antolatuko aurten, baina Aisialdi Asteak egingo dituzte Lehen Hezkuntzako ikasleentzat, adineka eta hiru txandatan banatuta.
Koronabirusak utzitako egoera dela medio, Legazpiko Udalak aurten ez ditu udalekuak edo udako ikastaroak antolatuko. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak 200 umeko muga ezarri du, eta aurreko urteetan, 300 bat ume ibili dira Legazpin. Hori dela eta, eskaintza murriztua prestatu behar izan dute. Ohiko udalekuen ordez, Aisialdi Astea deitu dutena antolatu dute, LH1etik LH4ra arteko haur eta gazetxoentzat. Astebeteko aisialdi programak izango dira, eta adinaren arabera, hiru txandatan egingo dituzte, uztailean zehar:
- Uztailaren 6tik 10era, LH1 (2013koak)
- Uztailaren 13tik 17ra, LH2 (2012koak)
- Uztailaren 20tik 24ra, LH3 eta LH4 (2011 eta 2010ekoak)
Saioak goizez (09:30-12:30) izango dira, eta guneak haur kopuruaren arabera erabakiko badituzte ere, ekintzak aire librean izango direla azaldu dute. Matrikula egiteko epea gaur zabaldu dute, eta hilaren 21era arte egongo da aukera. Udalak azaldu duenez, online aukera lehenetsiko dute. Horretarako, webgunean atal berezi bat jarri dute, izen-emate orriarekin. Helbide elektronikorik ez duenak, Herritarren Arreta Zerbitzura jo beharko dute, ekainaren 30a baino lehen. Matrikularen prezioa 20 eurokoa izango da seme-alaba bakarrentzat; bigarrenaren kasuan 13,40koa eta hirugarrenetik aurrera, doan.