Pilarrenea etxeak 100 urte bete ditu
Argentinako Idiazabal herria sortu zuen Demetrio Jauregialtzok eta Pilar Gastaminza emazteak sorterrira bueltan eraiki zuten Pilarrenea, duela ehun urte.
Idiazabalgo herriguneko etxerik dotoreenetako batek, Pilarreneak, 100 urte bete ditu egunotan. Idiazabalgo Udalak, Demetrio Jauregialtzo eta Pilar Gastaminzaren argazkia jarri du, urtemuga oroitzeko.
Jauregialtzo 1870. urtean jaio zen Idiazabalen, eta 16 urte besterik ez zituela abiatu zen Argentina aldera. Saltegi handiak sortu zituen, eta baita lursail ugari erosi ere. Cruz Alta eta Cordoba hirien artean ferrokarrila egiten ari ziren, eta geltokietako bati bere sorterriaren izena jartzeko eskaera egin zuen. Hala sortu zen Argentinako Idiazabal herria, 1910. urtean.
Demetrio Jauregialtzo Pilar Gastaminza tolosarrarekin ezkondu zen, eta lau seme-alaba izan zituzten elkarrekin. Idiazabalera itzuli zirenean, indiano etxea eraiki zuten, eta emaztearen omenez, Pilarrenea izena jarri zion. Neobasko deituriko estiloan egindako etxea da, terraza handiarekin eta sarrerako arku dotoreekin. Kanpoaldean, lorategi zabala du; koniferoak, platanoak edota palmerak aurki daitezke bertan, beste landare batzuekin batera.
Gaur egun, adinekoentzako eguneko zentroa, jatetxea eta hainbat ekintzatarako erabiltzen den kultur aretoa daude bertan kokatuta.