Zuzeneko kontzertuak bueltan dira
Mikel Markez kantariak Igartzako jauregian joko du ostiralean; hilaren 26an, berriz, Matilda bikotea ariko da Ordizian.
Zuzenean eta aurrez aurre. Horrela gozatzen da gehien musika. Baina ez da horretarako aukerarik izan aspaldian. Koronabirusak eragindako hiru hilabeteko geldialdiaren ondoren, hainbat kontzerturekin gozatzeko aukera izango da datozen asteetan. Izan ere, Mikel Markez kantariak eta Matilda taldeak kontzertu bana eskainiko dute, Beasainen eta Ordizian.
Aurreneko saioa Beasaingo Igartzako jauregian izango da, hilaren 19an, 22:00etan hasita. Mikel Markez kantariak jendaurrean joko du, ikusle kopurua mugatuta eta segurtasun neurri ugarirekin bada ere. Sarrerak doan emango dituzte, aurrez udaletxean eskatuz gero. Hori bai, saioa zuzenean ikusi nahiko luketen guztiek ez dute sartzerik izango. Hori dela eta, streaming bidez ere emango dute zuzenean.
Ordiziatik iritsi da bigarren kartela. Matilda taldea martxoan kontzertua egitekoa zen Ordizian, baina itxialdiaren ondorioz, bertan behera gelditu zen. Ordiziarrock taldekoek, ordea, emanaldia berreskuratu nahi izan dute. Ekainaren 26an izango da, 19:00etan, Majori plazan (Altamira auzoan). Hau ere, segurtasun neurri guztiekin egingo dute.