Animaliekin, etenik ez da izan
Albaitaritza kliniken eguneroko jardunean Covid-19ak izan duen eraginaren berri eman du Zumarragako Nekotz albaitaritza klinikako arduradun Ana Alustizak.
Zumarragako Filipinak kalean dago Nekotz albaitaritza. Ana Alustiza da arduraduna eta azken hilabeteetan lanean nola aritu diren kontatu du luze eta zabal, beste zenbait gauzen artean. Alarma egoera indarrean sartu eta nahiko «konplexua» izan da zerbitzua ematea, baina ez du etenik egin: «Segituan jakinarazi ziguten kontsulta normalak ezin genituela egin, bakarrik, behar handia eta oso gaixo zeuden animalien kasuan eman dugu aurrez aurreko zerbitzua». Gauzak horrela, «saiatu gara, ahal izan dugun kasu guztietan, gaixo zegoen animalia eta jabea etxetik atera gabe arreta ematen eta diagnostiko bat egiten, telefono bidez, sintomen inguruko informazio ahalik eta zehatzena jasoz, eta animalien argazkiekin lagunduta». Koronabirusaren aurrean jarduteko prozedurari jarraiki, «agindua zen klinikara inor ez etortzea».
Agindu hori, «albaitarien deontologia kodearen aurka» doa, «guk debekatuta daukagu gaixo dagoen animalia ikusi gabe artatzea, baina salbuespen egoera honetan, horrela lan egiteko agindua bete behar izan dugu». Dena den, baldintza batzuk ere bete behar izan dituzte: «Animalia aldez aurretik ezagutzea, haren historia klinikoa ondo ezagutzea, eta animaliak izan ohi dituen arazoak ere ezagun izatea, kasu horietan bakarrik eman zaie irtenbidea, aurrez aurre arreta eman ez dugun kasuetan».
Baina, Alustizak adierazi du, «bestelako egoerak ere ematen» direla, eta «kasu guztietan, ez da erraza sistema horren bidez diagnostiko bat egitea». Batzuetan, telefonoz emandako informazioarekin, «balorazio bat egin eta diagnostiko posible bat egin daiteke, baina arriskatzea ere bada hori, horregatik, kasu guztiak ezin dira telefonoz artatu, kontsultatik pasatzea da gomendagarriena, eta benetan horrela behar izan duenean, zaila izan da esatea klinikara gerturatu ezin zitezkeela». Beste aukerarik izan ez denean eta animaliaren egoeraren balorazio bat egin ostean, «jarraibide guztiak aplikatuta aritu gara klinikan bertan, koronabirusaren hedapena saihesteko neurri guztiak hartuta, alegia, higiene neurriak, maskara jantzita…».
Egoera normalean egiten dituzten, «esterilizazio programatuak adibidez, ezin izan dira egin, edo ileapaindegi zerbitzua, hori ere etenda izan dugu».Horren ondorioz, Alustizarekin batera lan egiten duen pertsona «etxera bidali» behar izan du, «Abee bat aplikatu ondoren».
Deseskalada faseek aurrera egin ahala eta sektore desberdinetan nolabaiteko normaltasunera bueltatzen hasi direnean hasi dira Nekotzen ere zerbitzua zabaltzen: «Maiatzaren 4an hasi nintzen klinikan bertan, ordutegi zabalagoarekin, hasieran ordutegi murriztuarekin jardun bainuen, arreta ematen». Lankidea, «maiatzaren 11n bueltatu zen». Eta nabarmendu du «lan karga oso handia, bereziki handia» izaten ari direla. «Harrituta gaude, askotan galdetzen diot lankideari, ea zer ari den gertatzen».
Lan karga handitzeak, urtaroarekin ere lotura izan dezakeela uste du Nekotz albaitaritza klinikako arduradunak. «Normalean, uztailean, abuztuko oporraldiaren atarian egonda, lan karga handiagoa izan ohi dugu, bidaian joateko asmoa duten animalien jabeek, txakurrak dituztenen kasuan, Euskal Herritik kanpora joan aurretik animaliei txertoak jarri eta haientzat pipetak erosteko». Alustizak esan duenaren arabera, «horrelako produktuen eskaera nabarmen igo da berriro, azken asteetan». Datu horrek, tenperatura hartzeko ere balio dezake, «badirudi, jendea, oporretan joateko gogoz dagoela, eta askok asmoa dutela Euskal Herritik kanpora joateko».
Birusaren eragina
Koronabirusak animalietan eraginik ba ote duen galderaren aurrean Alustizak ondorengoa erantzun du:«Ez dago baieztapenak egiteko datu gehiegirik, baina badirudi txakurrei ez diela eragiten, oker ez banago, mundu mailan bi kasu atzeman dituzte». Osasunaren Mundu Erakundeak jakinarazi duenez , ez dago ebidentzia zientifikorik etxeko animaliek Covid-19a pairatzen edo transmititzen dutenik. Dena den, Alustizak esan du «ikerketa zabalik» dagoela.
Katuetan aldiz ,«bai du eragina». Antza denez, «katu asko aurkitu dituzte, positiboak direnak, gaixotu diren jabeen kasuan, haien katuei egindako probek erakutsi dute hori, jabeak gaixotu ondoren, katuek antigorputzak sortu dituzte».
Beraz, ematen duen gomendioa da, «katuak izatekotan eta hauek kalera irteten uzten dieten kasuetan, garai honetan, katua kaletik ibiltzen ez uztea». Momentuz dauden datuen arabera,«katuak ez dio pertsonari kalte egiten, hau da, ez duela kutsatzen; normalean, pertsonak kutsatzen du katua, baina badaezpada, neurri hori betetzea gomendatzen da».
Zumarragako Nekotz albaitaritza klinikan, animaliei koronabirus probarik egin ez dietela adierazi du Alustizak, baina «Bartzelonako laborategi batekin lan egiten» du eta haiek «bai, ahalmena dute proba egiteko». Momentuz baina, «probarik egiteko eskaerarik jaso ez» duela nabarmendu du.