Atleten urteak hiru hilabete izan ditu
Atletismo denboraldia urte naturalera egokitu dute aurten. Koronabirusak, ordea, egutegia hankaz gora jarri du. Irailean dira berriz hastekoak baina jada ari dira hala moduz entrenatzen.
Aurtengo atletismo denboraldia arnas luzeko proba izango zela zirudien, baina Goierriko atletismo taldeetako ordezkariek kezka dute esprint batean ez ote den geldituko. Europako txapelketekin koordinatzeko 2020. denboraldia urte naturalekoa izatea erabaki zuten eta egutegia egokitu egin zuten. Aurreikuspenak, ordea, ezingo dituzte bete koronabirusak eragindako geldialdiagatik.
«Neguko denboraldia, gutxienez, osatu genuen», diote Miguel Angel Rodriguez Goierri Garaia eta Angel Perez Txindoki atletismo taldeetako arduradunek. Urteko lehen hiruhilekoan krosak eta pista estaliko probak egiten dituzte eta gehienak lehiatu ziren. «Emaitza onak lortu ditugu eta ongi joan dela esan dezakegu», baloratu du Rodriguezek. «Pozik gaudenik ezin dezakegu esan. Hiruzpalau atleta genituen oso sasoi puntu onean, garaipenen lehian ibiltzeko moduan, eta ezin izan dugu azken urratsa eman», atsekabetu da Perez. Egiari zor, pista estaliko azken txapelketak ez ziren jokatu eta dominak banatu gabe gelditu dira.
Pista irekiko denboraldia hasi ere ez da egin. Espainiako federazioak egutegia egokitu du eta irailean hasteko itxaropena dute, baina Euskadiko eta Gipuzkoako federazioak oraindik ez dituzte beraien egutegiak argitu. «Egoera azkar aldatzen da eta aurreikuspenak egitea zaila da. Urteko helburuak ezartzea ez da erraza», azpimarratu du Txindoki Atletismo Taldeko koordinatzaileak.
Entrenamenduei berrekin diete, halere. Zumarragako Argixao pista, esaterako, irekita dago. Legazpikoa datorren astean dira zabaltzekoa eta Ordiziakoa ekainaren amaieran, berritze lanak amaitutakoan. «Entrenamenduak ez dira lehen bezalakoak», zehaztu du Rodriguezek. «Materialik ezin dugu erabili eta soilik lehen hiru kaleak daude zabalik. Gainera, atleta bakoitzaren artean segurtasun distantzia bat egon behar da eta ezin dugu bata bestea aurreratu». Egoera halakoa izanik, Perezek gaineratu du asko osasunagatik itzuli direla kirola egitera. «Denboraldia espero bezala joango balitz, gehiengoak orain oporrak hartuko lituzke. Askok burua oporretan dute, baina geldirik ez egoteko korrika egiten dute». Halere, atletak gogotsu nabaritzen dituzte biek, lehiarako gosearekin.
Probarik gabe
Jose Antonio Peñaren omenezko bosgarren meetinga egitekoa zen larunbat honetan Ordizian, baina bertan behera gelditu da. Txindoki Atletismo taldeak Josetxo Imaz Memoriala ere antolatzen du irailean, eta hau ere airean dago: «Lehiatzeko asmoa dugu eta Beasaingo Udalarekin hizketan ari gara», aurreratu du Perezek. Goierri Garaia Atletismo Taldeak antolatzen duen Aztiri Mendi Lasterketa ere bertan behera utzi beharra izan dute, baina bai Goierriko eskolarteko krosa eta baita ere UZ Mendi Lasterketa jokatu ziren urtarrilean eta martxoan.
Lasterketarik egon ezean, ikusgarritasuna galtzeko beldurra dute arduradunek. «Lasterketen eragin ekonomikoa txikia da. Presentziagatik egiten ditugu gehien bat, atletismoa ere hemen dagoela gogorarazteko», azpimarratu du Goierri Garaia Atletismo Taldeko ordezkariak. Gazteak atzetik badatozen arren, haurrei atletismoa aukeratzea gehiago kostatzen zaie beste kirol batzuekin alderatuta. Plazak galtzen badituzte, kezka dute kirol handiagoek jarraipenik gabe ez ote dituzten utziko. «Jose Antonio Peñaren omenezko meetinga Goierrin egiten den Espainia mailako proba bakarra da. Marka handiak dituzten atletak etortzen dira. Formulak topatu beharko ditugu probak era seguru batean egiteko, ez lehiatzea galera handia delako», gaineratu du Txindoki taldeko koordinatzaileak.
Itxialdiak ekonomikoki ere badu eragina: taldeen diru iturri nagusia udaletxeen babesa da. Beraiek diru gutxiago badute, taldeei aurrekontuak murriztea egokituko zaie. Azken hilabeteetako kuotak ere ez dituzte kobratu. «Gerrikoa estutu eta aurrera egin beharko dugu», dio Rodriguezek. «Osasuna da garrantzitsuena. Lehenik eta behin denok ongizatea bermatu behar dugu, eta gero hasiko gara atletismo probekin», borobildu du.