«Beste behar batzuk bete eta indartzea lehenetsi dugu»
Ekain kulturala egitekoa ziren hil honetan Ormaiztegin, baina bertan behera gelditu da. Hala ere, jarduera batzuk bideo bidez zabaldu ditu udalak. Helburua urtez urteko lanari «balioa ematea» da.
Ormaiztegiko Ekain kulturala bertan behera gelditu da. Zein da sentipena?
Batez ere penaz gaude. Azkenean asko kostatzen da horrelako egitarau bat aurrera ateratzea, eta ia gehientsuena hitzartuta genuen, dena ez esatearren.
Penaz eta ardura puntu batekin ere bai. Urte askotan zehar lantzen ari garen programazioa da, eta beti saiatzen gara berrikuntzak sartzen eta herritarren parte hartzea sustatzen. Urtebetez kale egingo dugu, eta ez dakigu horrek hurrengo urtera begira zer ondorio izango dituen. Dena dela, espero dugu datorrenean ere jendea animatzea eta parte hartzea.
Oraindik ez dakigu noiz amaituko den egoera hau, baina beste hilabete batera atzeratzea pentsatu al zenuten?
Hasiera batean zenbait jarduera atzeratzeko aukera mahai gainean jarri genuen. Beste batzuk online emanaldi bihurtzea ere aukera bat zen. Jardueretako bat segur aski lortuko dugu berreskuratzea eta urrian egingo dugu, Legazpiko Maldan Behera elkarteko kideen kolaborazioari esker. Goitibehera lasterketaz ari naiz, aurten estreinakoz antolatzen ibili garen jarduera.
Gainontzeko aurrez aurreko Ekain kulturaleko jarduerak bertan behera uztea erabaki zen. Izan ere, hiru hilabeteko itxialdiaren ondorioz, herri mailan ekonomikoki bete beharreko beste behar batzuk bazeudela ikusita, horiek bete eta indartzea lehenetsi dugu.
Ekain kultural berezia izango da beraz aurten. Jarduera batzuk utzita, zer egingo duzue?
Bideo batzuk sortu ditugu. Ekain kulturaleko programazioa zabala da, baina kasu honetan aukeratu ditugu herri mailako partaidetza handia duten jarduera batzuk. Zenbait kasutan herritarrei eskatu dizkiegu bideoak, haiek sor ditzaten, eta beste kasu batzuetan Ormaiztegiko udaletik bildutako argazki eta bideoekin sortu ditu udalak berak. Helburua azkenean zera da: balioa ematea urtez urte herritarrek egiten duten boluntario lan horri, eta lan hori herrian zabaltzea. Bideo horien difusioa WhatsApp eta Facebook bidez egin dugu, herritar gehienengana iris daitezen.
Zer nolako hilabetea izaten da ekaina herrian?
Ostegunero Musikale jaialdia izaten da, musika kontzertu eta dantza jaialdiez osatuta, adibidez. Hileko bigarren asteartean kalean josteko eguna, hirugarrean ardo dastaketa, eskola amaitu aurreko asteazkenean ipuin kontaketa edota Gabiria eta Ormaiztegiko Txindata musika eskolaren nahiz Urmaiz abesbatzaren kontzertua ditugu. Gero asteburuetan, arku tiraketa erakustaldia, gaztetxoentzako kirol eskaintza bereziak, bertako artisau eta ekintzaileen azoka, kulturarteko gastroazoka, erreka eguna eta herriko zikloturisten bizikleta martxa ere antolatu ohi ditugu. Ekaineko azken astean herriko balkoi eta etxeetako sarrerak aipaintzea helburu duen Ormaiztegi Lorez sariketa antolatu ohi dugu, eta, nola ez, San Joan bezperako ospakizunak ere jende ugari ekarri ohi dute suaren ingurura. Ormaiztegi herri txikia da, eta normalean baino kultur eskaintza zabalagoa eskaintzen saiatzen gara ekainean.
Zer da zuri pertsonalki gehien gustatzen zaizuna? Zer sumatuko duzu faltan gehien?
Nik uste herritarrekin hartuemana izango dela gehien igarriko dudana faltan. Azkenean, kalean egiten diren ekitaldiak ekain kulturaleko %95 dira, eta kultura kalera ateratzeak esan nahi du herritarrekin nolabaiteko hurbilketa bat dagoela.
Zer asmorekin sortu zenuten hilabete kultural hori?
Duela zortzi edo hamar urte inguru sortu zuten Ekain kulturala. Astebeteko iraupena zuen hasieran, gero bi astera luzatu zuten, hiru astera ondoren eta momentu honetan hilabete eskas, ia hilabete osoko programazioa daukagu. Ekain kulturaleko helburua kultur programazioa sustatzea, indartzea eta kaleko ikuskizunak bultzatzea da. Herriko jaiak neguan ditugu Ormaiztegin, eta ez dugu eguraldia lagun izaten. Kasu honetan, ekainean eguraldi ona izaten dugunez, kaleko giroa sustatzeko aprobetxatzen dugu.
Zer lortu duzue azken zortzi urte horietan kulturari dagokionean?
Urtez urte gauza berriak eskaini eta herritarrak nolabait fidelizatzen saiatzen gara. Urtebeteko hutsuneak ez dakit nola eragingo duen hurrengo urtera begira, herritarrek ekaineko kale giroa faltan botako dutela pentsatzen dut, baina hurrengo urtean beharko du.
Bestelakorik baduzue esku artean udaletxean?
Bideo batzuk zabalduko ditugu; erreka eguneko eta kulturarteko gastroazokako bideo bana, eta seguraski datorren astean musika eskolakoen kontzertuko bideoa eta San Juan suko beste bat. Ormaiztegiko Ekain kulturala osatzeko sarean difusioa emango diegun azken bideoak izango dira.