«Gaurko egoera ulertu nahian jo dut atzera, ez dago nostalgiarik»
Pello Lizarraldek (Zumarraga, 1959) 'Argiantza' nobela argitaratu du. Zumarragako idazlea Iruñean bizi da aspalditik eta 2003an Euskadi saria irabazitakoa da.
Zer diozu aurkeztu berri duzun liburuaz?
Liburu bat aurkezten dutenean istorioa kontatzen dute, baina nire liburuetan istorioa ez da garrantzitsuena inondik ere. Askorik ezin dut kontatu. Sei bat eguneko bidaia kontatzen da. Protagonista zinema areto enpresa bateko kudeatzailea da. Oso ondo ez dabiltzan aretoen nondik norakoak aztertzeko agindua jaso du. Aurreko nire liburuetan ez bezala, honetan urte bat aipatzen da: 1982a. Urte horretan bideoa eta bestelako aurrerapen batzuk heldu ziren eta zinema aretoen egoera erabat aldatu zen. Mundu zaharraren gainbehera eta nolakoa izango den inork ez dakien berriaren hasiera ikusten da. Gauza gehiago ere badaude, baina hari orokorra hori da.
Zergatik aukeratu duzu gai eta garai hori?
Garai horretan haustura izugarria gertatu zen sistema sozial eta ekonomikoan. Haustura horren ondorioak gaurdaino iritsi dira. Liberalismo ekonomikoak koska bat estutu zuen garai hartan. Reagan eta Thatcher-en garaia izan zen. Gizarteak eta langileek borroka handien ondoren lortutako gauza asko eta asko galdu egin ziren. Gaurko egoera ulertu nahian jo dut atzera. Ez dago nostalgia apurrik. Gaur bizi ditugun gauza asko eta asko orduan hasi ziren.
Zinea aitzakia hutsa da ala gustuko duzulako aukeratu duzu istorioaren ardatz gisa?
Zine zalea naiz. Aretoetan ordu asko eman ditut eta langile asko ezagutu ditut. Herri askotako zine aretoetan egon naiz. Garai batean herri askotan areto bat baino gehiago zegoen. Batzuk udalen eskuetara pasa dira eta berritu egin dituzte, baina beste asko desagertu egin dira. Pena ematen dit, zine aretoak elkartzeko eta zinemaz hitz egiteko aitzakia bikaina baitziren. Oraindik ere, ahal dudan guztietan, zinera joaten naiz. Zaletasun hori ez dut sekula galduko.
Zinea ikusteko moduaz gain, pelikulak ere asko aldatu dira.
Dena aldatu da. Zinea etxean ikusten da pantaila niminoetan, zinea egiteko modua aldatu da, gazteak aretoetan ikustea oso zaila da… Gazteak ekoizpen jakin batzuetan bakarrik ikusten dituzu. Zinea garestia dela diote, baina ez da hala. Gazteak Hollywood-eko produkzioetan ikusten ditut eta, gainera, krispetak eta bestelakoak erosten dituzte. Zinea ikusteko modua aldatu egin da eta hori geldiezina da. Mundu hori joan da, beste bat etorri da eta nola bukatuko den ez dakigu.
Zer nolako pelikulak atsegin dituzu?
Arriskuak hartzen dituen zinea atsegin dut. Ikusleari bere ondorioak ateratzeko tartea uzten diona. Gidoi sendo samarrak dituena eta musika hunkitzeko erabiltzen ez duena. Gauzak gehiegi esplikatzen ez dituena. Niri gustatzen zaizkidan pelikulek ez dute erritmo bizirik. Zineari emozioa eskatzen diot. Zinea ez zait denbora-pasa gisa gustatzen. Denbora pasatzeko nahiago dut liburu bat hartu, musika entzun edo mendira joan.
Liburua Iñaki Aldekoarekin aurkeztu duzu.
Zorte handia dut, editore guztiak ez baitira literatura zaleak. Ereinen beti konplizitatea aurkitu dut. Editore askorentzat argitaletxea negozio hutsa da, baina Ereinen ez da hala. Ereinen ere kontuak atera behar dituzte eta liburuak ez dira saltzen garai batean bezala, baina ondoan literatura zale bat duzunean, literaturari buruz hitz egiten duzu. Idazle bati ezin diozu arazo ekonomikoez hitz egin. Liburua argitaratu behar badiozu, bere lana estimatzen duzulako izan behar da.
Lau urtean behin liburu bat argitaratzen duzu, gutxi gorabehera.
Ez dut presarik izaten. Bi urte pasatzen ditut zer idatzi behar dudan pentsatzen eta erabat konbentzituta egon arte ez naiz idazten hasten. Zerbait hasten dudanean, badakit bukatuko dudala. Bestela, ez naiz hasten.
Langileen eskubideen gainbehera eta zine aretoan gainbehera aipatu dituzu. Literaturaz zer diozu?
Idazle gehiago dago eta itzulpengintzak asko lagundu digu. Edozein tokitako liburuak euskaraz irakurri ahal izatea asko estimatzen dut. Aldaketa handia iruditzen zait. Bestelakoan, gazteen artean irakurle gutxi dagoela iruditzen zait. Gutxi irakurtzen duenak, ez du asko idatziko. Idazle gazteen artean emakumeak nabarmenduko nituzke. Batzuekin konplizitatea dut, baina moda batzuk daude, eta moda horien gainetik idazle gutxi daude. Asko argitaratzen da, baina zenbat geldituko diren ez dago esaterik. Klasikoak, duela 30-40 urte idazten hasi ziren horiek, oso gustuko ditut. Gure txikian, denetik dugu eta eusten diogu. Irakurle kopurua da arazoa. Ikasketak euskaraz egin dituzten askok gazteleraz irakurtzen dute. Garai batean baino hiztun gehiago izanik, irakurle gehiago izan beharko genituzke.
Euskara eskolak ematen jarraitzen al duzu?
Duela sei hilabete jubilatu nintzen. Beti nahi nuen tokian eta nahi nuen horretan lan egin dut. Zorte handia izan dut. Nahiz eta lanean oso ondo pasa dudan, berehala moldatu naiz bizimodu berrira. Zaletasun asko ditut. Ez daukat gauza harrigarririk egiteko asmorik. Nire ametsa ondo egotea eta ondo bizitzea da, lasai.