Lehenengo platera, borobil
Ostalaritza hasi da berriro lapikoak astintzen. Koronabirusaren geldialdiaren ondoren ireki dutenetik bi aste igaro direnean, sukalde-hots itxaropentsuak ateratzen ari dira. Asteburuek abiada ona hartu dutela diote Goierriko jatetxeek, batez ere, familien eta lagunen topaketengatik.
Ostalaritza hasi da berriro lapikoak astintzen. Koronabirusaren geldialdiaren ondoren ireki dutenetik bi aste igaro direnean, oraingoz behintzat, sukalde-hots itxaropentsuak ateratzen ari dira. Uste baino hobeto berrekin diotela aitortu dute kontsulta egindako Goierriko zenbait jatetxe-arduradunek, hasierari kezka handia zioten arren.
«Bigarren asteburua dugu. Normaltasuna erabatekoa ez dakit dagoen, baina agian uste baino hobeto eman diogu hasiera. Bakoitzak maila non jartzen duen ere izaten da, noski. Beldurra banuen, jendeak zer jarrera izango zuen, baina gose eta egarri pixka bat badagoela dirudi. Jendea animatu da, familiak elkarrekin egoteko gogoarekin daude, aitona-amonak bilobekin elkartzekoa… Horrelako bezeroak hasi dira, orain behintzat», azaldu du Zaldibiako Lazkaoetxe jatetxeko Eneko Azurmendik.
Koronabirusaren izurriteak erabat gerarazi duen sektoreetako bat izan da ostalaritza. Martxotik maiatzaren bukaerara arte, galera ekonomiko zuzena 600 edo 700 milioi eurokoa izango dela kalkulatu du Gipuzkoako Ostalaritza sektore-elkargoak. Itxialdiaren ondorioz, 400 establezimendu galduko direla eta 4.000 lanpostu galduko direla ere aurreikusi zuen.
Kaltea nabarmena izan den arren, hamarretik zortzik lanera itzuli ahal izan dute. Gipuzkoako Ostalaritzak ekainaren 10ean eta 11n egindako inkesta batek dioenez, herrialdeen jatetxeen %81,65ek zabaldu dute zerbitzua, berriro. Gehienek (%48) 2. fasean ireki zuten, eta %29,85ek bakarrik aukera eman bezain laster (1. fasean).
Astea ahul, asteburua bete
Oro har, gehienek nabaritu dute lan kopuruan jaitsiera: %45ek diote %25-50 gutxiago ari direla; beste %21ek, %50-75 bitarte gutxiago. Urteko balantzean ere antzeko galera espero dute.
Jendeak elkartzeko duen inertziak, momentuz, bultzada polita eman dio sektoreari Goierrin, abiatzeko. Mutiloako Ostatuko Iñaki Telleriak halaxe sumatu du: «Martxan bizpahiru aste daramagu. Ondo, lan dezente egin dugu. Hasieran terrazarekin, eta gero jatetxearekin ere bai, jantokian mahai batzuk kenduta. Jendea animatzen ari da. Zailena aste barrukoa da, enpresa asko ez direlako mugitzen ari. Asteburuan oso ondo ari gara lanean, berriz».
Hain justu, astegunetako zerbitzua emateari utziko dion jatetxe bat Gabiriako Korta da, eguneko menuekin lan askorik ez eta. Etzi zabalduko dute berriro, eta soilik ostiralean (eguerdian ere bai), larunbatean eta igandean irekiko dute, aurrerantzean. «Momentuz, jendea gogoarekin dagoela ematen du, astebururako erreserbak badaude eta. Uste baino gehiago. Gero zer abiadura hartuko duen, auskalo. Hasiera, behintzat, jendearekin egingo dugu. Beldurra badago, aurreneko egunetatik aparte, kontsumo ohiturak aldatuta egongo direlako», dio Lontxo Ormazabal sukaldariak.
Bigarren plateraren zain
Konfinamendu garaiaren irteerako lehenengo platera espero baino goxoagoa atera den arren, luzea da ostalaritzako menua oraindik. Ondoren zer datorkeen ikuskizun dago, eta zalantzekin daude denak. «Sinatuko nuke hauxe gerorako ere, hasiera honi eutsiko bagenio», dio Azurmendik. Ekonomiaren egoera eta bilakaera gertutik jarraitzen dute jatetxeek, zerbitzu sektorea izaki: «Ekonomiak behera egingo duela, enpresetan larritzen ari dela egoera… horrek ere eragina izango du, noski, gure sektorean. Eskailerak gora eta beherakoak izaten dira beti. Laguntza hotsak aditzen ziren urrutitik, aho handiarekin esanak, baina gero benetan jasotzen dena huskeria da, eta autonomo batek ezin ditu estali gastuak. Eltzeitsuan zegoenetik iraun behar», dio Lazkaoetxekoak.
Mutiloako Ostatuak hotela ere badu, eta ekaina erori zaio fakturaziotik, uda jada herren hasiz. «Frantziako jendearekin lan asko egiten dugu, eta horiek ezin dute etorri oraingoz, muga itxita dagoelako. Lau logela ditugu, eta udan lan asko egiten da horiekin. Baina ekaina ja galdu da», dio Telleria arduradunak.
Sektorean animo handirik ez du ikusten Kortako Ormazabalek. Lehen ere krisien ondorioak zer diren ondo asko dakite. «Kosta egingo da, krisi bat pasatzen den bakoitzean hau ez da pasatu oraindik, ostalaritza ukituta geratzen da, eta zortzi pauso atzera egin behar izaten da berriz hasteko: prezioak doitu, menuak aldatu eta beheratu…».
Errealitate berria sasi-oximoronarekin bataiatu dute datorrena agintariek. «Baina ez dago gaizki esana: dena berria izango da», dio Ormazabalek. Postre goxoa, eta kontua, izango ahal du.