Sagardogintzan aritutako emakumeei aitortza
Igartubeiti baserri museoan ikusgai dagoen erakusketak, XVI. eta XVIII. mendeen artean emakumeek sagardogintzaren munduan egindako lana biltzen du, lau emakume ekintzaileren istorioetatik abiatuta.
Emakumeek historian zehar sagardogintzan izan duten tokia ezagutzera ematen duen erakusketa dago ikusgai Ezkioko Igartubeiti baserri-museoan. Emakume ekintzaileak sagardogintzan izenburuko erakusketa uztailaren 31ra arte dago zabalik.
Lourdes Odriozola historialariak egindako ikerketa lanei esker, XVI. eta XVIII. mendeetan emakumeek sagardoaren munduan egiten zuten lana jorratzen da erakusketan, baita garai hartako gizartearen egoera ere. Bestetik, gaur sagardogintzan lan egiten duten emakumeen testigantzen bidez, lanbide horren egungo ikuspegia jasotzen du.
Lau emakume ekintzaile
Igartubeitiko erakusketa lau emakume ekintzaileen irudian egituratzen da. Maria Labaien, Maria de Etxebarria, Ana de Beroiz Fagola eta Maria Josefa de Orobio dira, XVI eta XVIII. mendeen artean bizi izandakoak laurak. Haien historien bitartez, bizi izan zuten garaiaren berri jaso daiteke eta sagardoari lotutako ondarea ezagutu. Hori guztia, auziak eta epaiak aztertuz landu du Lourdes Odriozolak, horietan jasotako testigantzek eman diote bidea garaiko moralitatea edo gizarte ohiturak ezagutzeko.
Odriozolaren ikerketetan oinarritutako materialarekin batera, Jokin Mitxelenak egindako hainbat lustrazio ere ikusgai daude erakusketan. Mitxelena ilustratzaileak lau emakumezko horiek irudikatu ditu. Lortutako informazioarekin eta diseinu zein modan aditua den Ane Albisuren aholkularitzarekin, garaian garaiko janzteko moduak oinarri hartu ditu eta aurpegia jarri ahal izan die orain arte ezezagunak ziren emakume horiei.
Emakume ekintzaileak sagardogintzan erakusketa hau Igartubeiti baserri-museoaren genero ikuspegiaren lan ildoan kokatzen da.Hain zuzen, landa inguruneko emakumeen zereginari argia eta ikusgarritasuna ematen laguntzen du.