Albisu eta Irribarria, udako binakako torneo berrian
Gaur aurkeztu dute Master Caixabank udako txapelketa berria. Jon Ander Albisu Jakarekin ariko da, eta Irribarria Urrutikoetxearekin; aramarrak atzelari moduan jokatuko du.
Pilota ere hasi da normaltasunera itzultzen, eta pilotariak hasita daude dagoeneko frontoietan entrenatzen. Udako festekin batera, hainbat jaialdi ere bertan behera gelditu daitezke aurten, baina sortu dira berriak ere. Gaur Aspe eta Baiko enpresek eta Caixabankek aurkeztu duten Master Caixabank binakako pilota txapelketak hartuko du udako jaialdi horien erreleboa. Bihar hasi eta uda osoan zehar, hamasei pilotari ariko dira binaka, eta Euskal Herrian eta Errioxan jokatuko diren 45 jaialditan parte hartuko dute. Bi bikoterik onenek, irailean jokatuko den finalean neurtuko dituzte indarrak.
Osasun larrialdi egoera dela medio, hiru hilebeteko etena izan esku pilota profesionalak, eta Master Caixabank jaialdiarekin ekingo diote berriz ere udako jardunari. Eibarko Astelena pilotalekuan izango da aurreneko partida, Ezkurdia-Aranguren eta Altuna III-Imaz bikoteen artean. Partida nagusiaren aurretik, Peña II-Bikuña eta Salaberria-Mariezkurrena II.a ariko dira.
Bi pilotari goierritar
Txapelketa berri honetan Goierriko bi pilotari ariko dira lehian. Iker Irribarria aramarra da horietako bat; buruz-buruko txapeldunak atzelari moduan jokatuko du, bikote Urrutikoetxea duela. Jon Ander Albisu ataundarra berriz, Jakarekin ariko da.
Albisuk eta Jakak ostiralean, hilak 26, jokatuko dute aurreneko partida, Zeanurin, Elezkano II.aren eta Aretxabaletaren kontra. Urrutikoetxea eta Irribarria, berriz, Artolaren eta Rezustaren aurka estreinatuko dira, larunbatean, hilak 27, Bilbon. Partida guztiak ETBk eskainiko ditu, zuzenean. Sarrerak Internet bidez ere eros daitezke.
Juan Pedro Badiola Caixabankeko lurralde arduradunak gogorarazi du 26 urte daramatzatela euskal pilota babesten, eta aurten ere, “horrelako urte zail baten ondoren”, babes hori erakutsi eta “pilotariei uda osoan zehar lagundu” nahi izan dietela. Master honek, “pilotariak berriz ere ekinean ikusteko aukera” emango duela azpimarratu du. Unai Iglesias Baiko enpresako kudeatzaileak eta Inaxio Errandonea Aspeko zuzendari komertzialak emandako babesa eskertu dute.