Ez zuten Gabiria menderatu
Larunbatean 'Goazen gabiriar danok' liburua eta dokumentala aurkeztu zituzten. 1936ko gerra pairatu zuten herritarrak dira protagonistak. Herri gutxitan aurre egin zieten frankistei halako adorearekin.
Frankistek min handia egin zuten, baina Euskal Herriak bizirik dirau. Gabiria horren adibide bikaina da. Larunbatean Goazen gabiriar danok liburua eta dokumentala aurkeztu zituzten. Gerra eta ondorengo urteak pairatu zituzten herritarrak dira protagonistak. Larunbateko ekitaldian frankistei adore handiz aurre egin zieten herritar haiek omendu zituzten. Liburua eta dokumentala aurkezteaz gain, oroigarri bana oparitu zieten gudan ibilitakoen ondorengoei.
Liburua Aimar Maiz GOIERRIKO HITZAko kazetariak idatzi du eta dokumentala Gattiken enpresak egin du. Mahaian Maiz, Gattikeneko Alex Areizaga eta Oier Oiarbide alkatea eseri ziren. Oiarbidek Maizek «lan eskerga» egin duela esan zuen.
Maizek lan hau egitearen arrazoiak azaldu zituen. «Gerran Gabiria zerbait izan zen eta gabiriarrek zerbait egin zuten. Herritar haien oroimena berreskuratu dugu: zein ziren, zer egin zuten, zergatik joan ziren gerrara, herria nola gelditu zen, nor jipoitu eta zigortu zuten… 1936ko uztailetik irailera frontea Gabirian egon zen. Errepublikarrek hemen antolatu zuten defentsa lerroa. Milizianoak etorri ziren eta bertako abertzaleek gidatuta borrokatu zuten».
Ondoren, 110-115 gabiriarrek (gehienak gazteak) herritik alde egin behar izan zuten. Kontuan izan behar da garai hartan Gabiriak 800-900 biztanle zituela. Alde egin zuten gehienak gudari ibili ziren. Gabiria Amaiur batailoi ospetsuaren zutabe garrantzitsuenetako bat izan zen. Izan ere, 48 gabiriar Amaiurren aritu ziren. 80-90 gabiriar borrokatu ziren gudan. 14 gerran hil ziren, lau preso hartu ondoren eta bi gerraren ondorioz (batak istripua izan zuen Ormaiztegiko zubia berreraikitzen ari zela eta bestea anarkistek fusilatu zuten Bartzelonan).
Maizek oroitu beharra dagoela esan zuen. «Errespetuagatik. Nonbaitetik gatozelako. Gure aurrekoek zer eta nola egin zuten jakitea komeni zaigulako».
Maizek lehenago ere gabiriarrek gerra garaian egin zutena ohoratzeko lanak egin direla gogoratu zuen: herriko bi elkarteetan dauden koadroak, Ardantzako oroigarria, Amaiur batailoikoen kamisetak, Makilari aldizkariko elkarrizketak eta artikuluak, Mikel Aizpuruk egindako lanak… Orain ere lanak egiten ari direla aipatu zuen. Desagertutako gudarien gorpuzkiak aurkitu eta herriratzeko ekimena, adibidez.
Liburua eta dokumentala 1936ko gerraren inguruan gehiago egin zitekeela uste zutelako egin dituzte. «Bazegoelako gaia, batetik; merezi zutelako, bestetik. Herria bitan hautsi zen 1936an, baina batasun harrigarriz, kemen miragarriz eta konpromiso neurrigabez erantzun zioten gabiriarrek trantze historikoari eta eraso faxistari. Euskal Herrian zehar ere, Gabiriako erantzun hori erreferentetzat hartu izan da. Adibidez, Amaiur batailoikoen argazkia, jada mitiko bihurtu dena».
Larunbatean aurkeztu zen lana 2014an hasi zuten. «Gaiarekiko gure irrika eta jakin-mina, aspaldikoagoa da. Bizitza erdia daramagu materiala biltzen. Memoria historikoa artean zen zen ere ez genekienetik. Aranburura joan eta Antonio eta Bixenta elkarrizketatu genituen Aitor Azpiazuk eta biok, duela 20 bat urte, lehen aldiz». Hiru gudari elkarrizketatzea lortu zuten: Aranburuko Antonio, Urrutiko Santi eta Etxetxoko Genaro.
Bere hitzaldia amaitzeko, Maizek udalari, aldundiari, Gogora institutuari, herritarrei, errekreazio historikoan parte hartu zutenei, etxekoei, lagundu dioten guztiei eta informatzaileei eskerrak eman zizkien. Bereziki, azken hauei. «Mina partekatu duzue, baina zauriak sendatzeko ezinbestekoa da hori. Eta, batez ere, gizalege irakaspena, gizatasun erraldoia eta lehenengo lerroan herri hau jartzeko sena partekatu dituzue. Gerra zital hura piztu eta mantendu zutenei lezio bikaina emanez, 84 urte geroago ere».
Areizagak dokumentalaz hitz egin zuen. Bertan, gerra aurreko egoera, borrokatzera zerk bultzatu zituen, fronteko istorioak, herrian gelditu zirenen sufrimendua… jaso dituzte. «Dokumentala liburuaren osagarria da. Aimarrek sekulako lana egin du», aipatu zuen.
Opari hunkigarria
Ondoren, Joseba Dieguez bizkaitarrak mendian aurkitutako metalezko plater bat eman zion alkateari. Plater hori Urduñako San Pedro mendian aurkitu zuen eta Pedro Markina gudari gabiriarrarena zen. Alkateak eskerrak eman zizkion eta ohorezko toki batean jarriko dutela esan zuen.
Bukatzeko, gudarien ondorengoei oroigarriak eman zizkieten eta liburua salgai jarri zuten. Bertaratutako askok eta askok egileari eskaintza idazteko eskatu zioten. Ez da harritzekoa. Izan ere, Maizek egindako lanari esker, beraien senitartekoek bizitakoa betirako gordea geldituko da.
Denak esker oneko azaldu ziren. «Ni Zumarragakoa naiz eta nire emaztea Gabiriakoa. Nire familian lau gudari izan genituen eta emaztearen familian beste hiru: bere aita eta bi osaba. Anjel, Jesus eta Juan zuten izena. Jesus gerran hil zen», esan zuen Gabiriako Igeribar Errota baserriko Joxe Kruz Baztarrikak.
Etxeetan gerra garaian gertatutakoez oso gutxi hitz egiten zela aipatu zuen. Baina gertatutakoa jasotzea beharrezkoa dela uste du. «Aimarrek egindako lana oso gustura hartu dugu. Liburuan jasotakoa historia da. Herriko historia. Herriko jendeak egindako historia. Ez da gertatutakoa ahaztu behar. Gazteek Euskal Herriko historia ezagutu behar dute. Euskal Herriak jasandako errepresioa ezagutu behar dute».












