Ezpata dantza ikustera, zozketa bidez
Santa Isabel jaiak bertan behera gelditu dira. Ezpata dantza egingo dute, baina ehun lagunentzako tokia bakarrik egongo da, aurrez hartuta. Plazan ere dantza egingo dute
Zumarragako Udalak, jai jarduera guztiek pertsonak biltzea dakartela ikusirik, festa guztiak bertan behera uztea erabaki du. Gaur ez da San Joan surik piztuko eta Santa Isabel jaiak, San Kristobal auzoko festa eta Belokiko gurutzeko festa bertan behera gelditu dira. Hala ere, tradizioan eta kulturan oinarrituta, udalak, elizak, txistulariek eta dantzariek, Santa Isabel egunean meza eta eliza barruko ezpata dantza egitea erabaki dute.
Ekitaldia 11:00etan izango da eta ez dute ez prozesiorik eta ez ohorezko aurreskurik egingo. Udalak ekitaldia Urola Telebistaren eta zelaiarizti.eus webgunearen bidez zuzenean emateko ahalegina egingo du.
Mezaren ostean, 12:45ean, ezpata dantza egingo dute, Euskadi plazan. Udalak ez du bestelako ekintzarik sustatuko, ezta lagunduko ere. Hori dela eta, ez da uztailaren 2ari begira Antio inguruko udal-mahaiak erreserbatzeko aukerarik izango. Era berean, herritarrek erantzukizunez joka dezatela eskatzen da, pertsonen kontzentrazioa eta ezarritako segurtasun neurriak ez betetzea saihestuz.
Koronabirusaren eraginez edukiera murriztu dutenez, mezara eta eliza barruko ezpata dantzara joan nahi dutenek zozketa batean parte hartu beharko dute. 50 gonbidapen bikoitz zozkatuko dituzte. Zozketan Zumarragan erroldatuta daudenek bakarrik parte har dezakete. Pertsona bakoitzeko izen-emate bakarra onartuko da.
Ostiralerako eman behar da izena. Horretarako, 943 72 35 10 edo 943 72 91 54 telefono zenbakietara deitu behar da, 09:00etatik 14:00etara. Posta elektronikoz ere izena eman daiteke: kulturetxe@zumarraga.eus helbidera idatzi behar da eta izen-abizenak, NAN zenbakia, telefono zenbakia eta helbide elektronikoa eman.
Zozketan gonbidapena lortzen duen pertsona derrigor joan beharko da eta berak nahi duen senitarteko edo laguna eraman ahal izango du. Sarreran gonbidapena aurkeztu beharko dute. Maskara ere eraman beharko da. Autobus zerbitzua izango da.
Plazako dantzari dagokionez, plazak mugatuak izango dira eta aulkiak jarriko dira. Sarrera librea izango da, edukiera bete arte. Ezin izango da esparrutik irten arrazoi justifikaturik gabe.
Egitarauaren azala
Alarma egoera ezarri aurretik Zumarragako Udalak jaietako egitarauaren azala aukeratzeko lehiaketa deitu zuen. Hala, nahiz eta Santa Isabel jaiak bertan behera gelditu diren, lehiaketarekin jarraitzea erabaki du. Irabazlea Julen Izagirre zumarragarra izan da, Bazen behin Antion lanarekin. Zumarragako Udala lan hau datorren urteko egitaraurako erabiltzea aztertzen ari da.
Izagirrek bosgarren aldiz irabazi du lehiaketa hau. «Urtero bizpahiru lan aurkezten ditut. Beti gauza ezberdinak egiten saiatzen naiz, nire estilotik aparte samar daudenak. Aurtengo lehiaketa irabazi duen kartela, adibidez, ez da nire estilokoa. Uztailaren 2an Antion aurkitu daitekeena azaltzen duen ipuin moduko bat da: dantzaria, tailetako irudi geometrikoak, dragoia, txerria eta txakurra, beirateak, ezpatak, amabirjina…».
Lehiaketara 14 lan aurkeztu dituzte aurten eta Zelai Arizti aretoan ikus daitezke.