Ordizian 24 baratze gehiago
Ordiziako baratze parkea handitzeko lanak hasi dira. Izen emate epea bihar arte dago zabalik. Zozketa, datorren uztailaren 2an egingo dute Ordiziako udaletxean
Ordiziako Udala San Joan auzoan dagoen baratze parkea handitzen ari da, eskaerak hala eskatuta. 2018an jarri zen martxan baratze parkea, 35 baratzerekin. Harrezkero, herritarrek izena ematen jarraitu dute. 24 baratza gehiago egingo dira eta aurretik emandako baratzetan 4 baja eskaera egon direnez, denetara 28 baratza zozkatuko dira. Baratza berri hauetan interesatua dagoenak eskaera aurkeztu beharko du ekainaren 24rako.
2018an baratzeak egin eta esleitu ondoren, 36 pertsonako itxaron zerrenda bat geratu zen. Itxaron zerrendako posizioak zozketatu ziren eta publiko egin ziren (itxaron zerrenda 1). 2018tik aurrera herritarrek izena ematen jarraitu dutenez, Ordiziako Udala bigarren itxaron zerrenda bat osatzen joan da.
Baratza berriak esleitzeko araudian jasota dagoen moduan, ondorengo prozedura jarraituko da: 2018ko itxaron zerrendako herritarrei baratza berri hauek eskainiko zaizkie lehen itxaron zerrendako posizioen arabera, bakoitzari baratza zozketatuko zaio.
Lehenengo itxaron zerrenda amaitzen denean, bigarren itxaron zerrendara joko dute, eta haien artean zozkatuko dituzte libre geratu diren gainerako partzelak.
Zozketa uztailaren 2an
Lursailaren aprobetxamendurako eta erabilerarako udal-lizentzia, urtebetekoa izango da eta epe hori gehienez hiru urte arte luzatu ahal izango da. Baratzak esleitzeko zozketak uztailaren 2an, osteguna, 18:30ean udaletxean egingo dira.
Baldintzak
Baratzetako onuradun izateko baldintza hainbat baldintza bete behar dira. Ordiziako udalerrian erroldatuta egotea gutxienez bi urte lehenagotik, besteak beste. Izena emateko azken eguna bihar izango da. Arreta bulegoan egin daiteke, telematikoki, arretabulegoa@ordizia.eus epostara idatzita edo presentzialki. Izena ematen dutenak, bigarren itxaron zerrenda sartuko dira. Eskaera egiteko arreta bulegoan duten inprimakia bete behar da. Eskaera honekin batera, NAN-ren kopia eta, dagokion kasuan, langabezi ziurtagiria, erretirodun edota pentsiodun ziurtagiria eta elbarritasun ziurtagiria ere aurkeztu beharko du.