«Pena ikaragarria da, lehen aldiz geratu da herria festarik gabe»
Festa garaia izan ohi da San Joanen bueltakoa Olaberria. Aurten ez, koronabirusagatik ez dituztelako antolatu. Ukitua emango diote, ordea. San Joan sua piztuko da gaur, baina publikorik gabe.
San Joan festarik ez antolatzea erabaki duzue aurten Olaberrian.
Egoera ikusita, egitaraurik ez prestatzea erabaki genuen, eta ez dira ospatuko azkenean. Denen segurtasunagatik eta jende multzoak ekiditeko esan genuen ez antolatzea. Pena handiz, noski, baina ezin dira burutu. Festetan izaten diren ekitaldi gehienak, azken batean, jendea biltzeko, lagunak eta familiakoak elkartzeko dira, eta aurten ezinezko bihurtu du egoerak.
Alarma egoera desaktibatu arren, metro eta erdiko distantzia utzi, maskara jantzi eta aretoen edukiera mugatu beharra dago. Neurriak betearaztea izango da zailena, agian?
Zerbait prestatuz gero jendea ondo portatuko zen zalantzarik ez genuen, eta neurriak betetzen saiatuko zela. Baina festa giroan eta taberna inguruetan protokoloak betetzea ere zaila da, hori bistan dago. Osasun segurtasunari eman diogu lehentasuna.
Bertan behera uzteko erabakia hartzea ez zen samurra izango. Asko kostatu zen?
Egoera berria eta arraroa da, denentzako. Alarma egoera, justu, Kultura Astea bukatu genuenean jarri zuten; historia honekin hasi ginen orduan, eta kito orain arte. Sanjoanak urruti ikusten ziren orduan, baina bazetozela ere bai, denborarekin. Zer egin pentsatzen hasi ginen, denen artean hitz eginez, ondo analizatu… Pentsatzen dituzu mila ideia, nola egin daitekeen, baina ezin da. Pena ikaragarria da, lehenengo aldiz geratu delako herria festak ospatu gabe.
Noiz geratu zen ezeztatzeko erabakia atzera bueltarik gabe?
Hilabete bat lehenago erabaki genuen ezeztatzea. Bazeuden lehenago beste plangintza batzuk, adibidez San Joan sua murrizpen batzuekin, aulkiak jarrita edo herria itxita egitea, baina oso konplikatua zen. Hau dena hasi zenean, hiru hilabete pasatutakoan normaltasun puntu batera iritsiko zela egoera uste genuen, baina denbora igaro ahala, eta ez zihoan oso ondo kontua.
San Joan sua ekitaldi estimatua izan ohi da Olaberrian, gaurko egunez.
Oso ekitaldi indartsua izaten da. Kanpotik jendea etortzen da, herriko dantzariak elkartzen dira, eta talde polita osatzen da. Aurten ere piztuko da sua, dantzariak ere egon behar dira,baina talde oso murriztua eta segurtasun neurriak hartuta. Dantzariek marka batzuk edukiko dituzte lurrean, dantzatzeko, eta horietatik ezingo dira pasatu. San Joan sua Goierri Telebistatik emango da, gaur gauean. Ez da betiko su ekitaldia izango, baina bakoitzak bere etxetik jarraitu ahalko du, beste era batera.
Jendeak ezin du joan plazara, beraz?
Hori da. Esan beharrean gaude Olaberrira ez gerturatzeko gaur San Joan sua ikustera, eskertuko dugu hori. Multzo txikiak nahi ditugu, ez dugu arazorik gertatzerik nahi 1,5 metro horiek bete ezin diren egoera sortuta. Jendea animatu nahi dugu sua etxetik telebistan ikustera. Plan desberdina da, baina denentzat onena.
Bihar, San Joan egunez, beste ekitaldi batzuk izango dira.
Pilota partida bat jokatuko da, eta umeentzat ipuin kontalaria etorriko da. Baina bi ekitaldiak leku itxietan izango dira, bat pilotalekuan eta bestea Ihurre Zaharra kultur etxean, eta edukiera mugatuta egongo da. Gainera, aurretik izena eman beharko da joateko, eta edukiera zehazteko. Bi ekitaldi horiek egingo dira bihar, baina kontrolatuta. Meza ere egingo da, baina geroko hamaiketakorik ez.
San Joan jaietatik zer duzu zuk gustukoen?
Niri San Joan suaren ekitaldia asko gustatzen zait, oso egun berezia da niretzat, gau hori. Batez ere, herriko jendeak dantzatzen duelako eta gertutasun hori sortzen delako dut gustuko. Olaberria herri txikia da, baina orduan konturatzen zara kanpotik jende asko etortzen dela sua ikustera. Zerbait berezia dauka, eta hori asko gustatzen zait. Herri kirolen ikuskizunak ere herriko jendearekin egin izan dira, eta elkarrekin egon, bildu eta zerbait batera sortzea polita da; baita hor sortzen den giroa ere. Musika taldeak ere izaten dira, eta jartzen duten festa-giroa ederra iruditzen zait.
Nolako uda dator Olaberrian? Ekitaldirik edo beste saiorik egiteko asmorik, aukerarik bada?
Ekitaldirik ez da egongo udan zehar Olaberrian. Baina abuztuaren 29an San Joan Txikiak ditugu. Aurten, koronabirusaren egoera hobeto badoa edo berdin baldin badago behintzat, eta festak egin baldin badaitezke, beste urteetan baino giro pixka bat gehiago jarri nahi dugu. Sanjoanetan egin ez dena, abuztuaren bukaerara eramateko aukera jarri da mahai gainean. Agian, asteburu bat molda daiteke egitarau batekin, jendea elkarrekin egoteko.
Gainontzean, Ihurreko kanpoko igerilekuak ostiralean zabalduko dituzue, eta haurren udalekua ere antolatu da.
Normaltasun puntu bat badaukagu horiekin, egia esanda. Herri txikia izanda, kalera ateratzeko arazo handiegirik ez dago hemen; jendea kontuz ibiltzen da, arauak errespetatuz. Lortu behar dena da jende pilaketa eta saturazio handirik ez izatea. Baina igerilekuarekin, eta herri inguruan dagoen mendiarekin, biak uztartuta ondo moldatuko gara uda honetan ere.
San Joan sua telebistatik emango dute gaurOlaberrian festak ospatuko ez diren arren, gaur pregoia egin eta San Joan bezperako sua piztuko dute. Publikorik gabe, hori bai. Dantzariak, txistulariak eta txalapartariak bakarrik egongo dira plazan. Goierri Telebistak zuzenean emango du ekitaldia, 23:00etan hasita.
Bihar, San Joan eguna, hiru ekitaldi izango dira. 11:00etan meza izango da, San Joan elizan. 16:00etan, Ana Apika eta Intxixu Valbuena ipuin kontalariek ‘Inguru-minguru. Naturarekin bat!’ ipuina aurkeztuko dute, Ihurre Zaharra etxean, 3 urtetik gorako haurrentzat. 18:00etan, Olaberriaren eta Lazkaoren arteko pala partida jokatuko da, udal pilotalekuan.
Azken bi ekitaldietan ikusleedukiera mugatua izango da. Izena Google Forms plataforman edo telefonoz WhatsApp bidez (681 17 51 13) eman behar da, aurretik. Olaberritarrek izango dute lehentasuna.