Su festarik gabeko 'sanjoanak'
Herrigune gehienetan ez da San Joan surik egingo, baina baserrietan eutsiko diote ohiturari. Soilik Gabirian eta Olaberrian piztuko dute sua. Sarean egingo dira jai alternatiboak
San Joan heldu orduko joan da. Goierrin ez da ekitaldirik egongo jende pilaketak ekiditeko. Soilik baserri inguruetan eta familia giroan piztuko dira suak. Esaterako, Itsasoko Urteaga Haundia baserrian: «San Joan sua betidanik ezagutu dut gurean. Ez dugu sekula huts egin eta aurten ere ez dugu egingo. Dena prest dugu», dio Pilare Muxikak. Zaldibiako Aiestaran-Goena baserrian ere dena pronto dute alamartxorako. «Guk ez diogu San Joan sua deitzen. Alarmartxoa izenarekin ezagutu genuen eta eutsi egiten diogu», azaldu du Iñaki Luloagak. «Definitzeko zaila da, baina badu zerbait berezia», gaineratu du Luloagak, eta «momentu alaia da, biltzen gaituena», erantzun dio Muxikak.
Senide guztiak elkartzen dira suaren inguruan. Festa pribatua eta murritza denez ez dute inolako arazorik alamartxoa pizteko. «Herrira jaisteko ohitura ere badugunez azken urteetan alamartxoa piztu izan dugu. Aurten afalostean egingo dugu. Ilunpetan bereziagoa da», zehaztu du Luloagak. Suaren inguruan jolastu, kontu zaharrak errepasatu eta soinua joko dutela dio zaldibiarrak, eta garrak txikitzean gainetik jauzi ere egiten dutela. Urteaga Haundikoek ere antzeko asmoak dituzte: «Afari-merienda bat egiten dugu eta 21:00ak inguruan sua pizten dugu. Amak garai bateko konjuruak esaten ditu suari gu eta baserriko ondasunak babesteko». Luloagak gogoratu du beraienean urtero San Joan, San Joan/artoak eta gariak gorde/ sugeak eta zapoak erre abesten dutela. «Nik hala ikasi nuen eta bizirik nagien bitartean hala abestuko dut. Ea gazteek eusten dioten».
San Joan birtualak
Gabirian 22:00etan piztuko dute sua baina ez da ekitaldi osagarririk egongo. Ikustera gerturatzen direnei musukoa eramatea gomendatzen die udalak. Gainerako herriguneetan ez da surik piztuko eta bideoekin eta argazkiekin konformatu beharko dira. Hala egingo dute, besteak beste, Itsason, Ordizian, Ormaiztegin, Legazpin eta Seguran. Zerainen su txiki ugari egingo dituzte.
Beasainen Aurtzaka dantza taldekoek emanaldia eskainiko dute. Lazkaon ez dute surik piztuko, baina etzi musika bandaren emanaldia egongo da, 19:00etan, Manueleneko plazan. Zumarragan ez da inolako ekitaldirik egongo.