Umorezko antzerkia festetan
Segurako umore antzerki taldeak esketxak zabaldu ditu bertan behera geratu diren San Joan festetan Whatsapp bidez. Bihar eta etzi elkarbanatuko dituzte azkenak
Segurako San Joan festak aurten bertan behera gelditu dira, baina ekintza desberdinak antolatu dituzte herritarrek giroa alaitze aldera. Segurako umorezko antzerki taldeak esketxak prestatu ditu segurarrek festetan goza ditzaten. Bost esketx izango dira guztira; joan den astean hiru zabaldu zituzten, eta bihar eta etzi elkarbanatuko dituzte azkenak. Eguerdiko 13:00etan zabalduko dituzte esketxak WhatsApp bidez, orain arte egin bezala, eta egun berean 21:00etan Goierri Telebistan jarriko dituzte ikusgai sare sozialak ez dituztenek ere aukera izan dezaten.
Umorezko antzerki taldea duela zortzi urte sortu zuen herritar talde batek. San Joan festetan emanaldi bat eskaini dute urtero. Aurten, baina, koronabirusa dela eta, bide berriak bilatu behar izan dituzte: «Plazan egitea planteatu zen hasieran, gero traktore batekin auzoz auzo joatea, baina azkenean bideo formatuan egitea bururatu zitzaigun», azaldu du Olatz Etxeberria antzerki taldeko kideak.
Umorezko antzerkia
Bost minutuko esketxak dira eta, antzezlanari dagokionez, iaz sortutako pertsonaiei jarraipena ematea erabaki dute: «Konfinamenduko pasarteak kontatu ditugu iazko bikote berdinak mantenduta». Gainera, aurten taldearen sorreran izan ziren hiru pertsonak ere hartu dute parte.
Egoera dela eta, zuzenean antzezteko aukerarik gabe, emanaldi «txukuna» egin nahi izan dutela azaldu du Etxeberriak: «Udaletxeari proposatu genion enpresa bat kontratatzea bideoak egiteko. baina azkenean Goierri Telebistarekin jarri zen harremanetan, eta haiek prest azaldu ziren grabatzeko eta montajea eta edizioa egiteko». Arratsalde batean gelditu eta grabatu zituzten bost esketxak.
Zortzi urteko ibilbidea duen talde honek umorea jorratzen du. Herritarrek egiten dute posible, nolabait, antzezlana: «Guk herriko umorea egiten dugu; gidoiak idazten ditugu herritar batzuk sartuz, eta gure antzerki batek ez luke balioko Beasainen egiteko, adibidez».
Herritarren erantzuna era positiboan baloratu du Etxeberriak eta harrera oso ona izan dela esan du: «Jende guztiaren komentarioa izan da egin dugun lan ona». Bideoa erabilita, gainera, herritik kanpo bizi diren segurarrek ere izan dute ikusgai.
Ez ohiko festak hasteko
Bestalde, ezohiko festei hasiera emateko, urtero bezala San Andres ermitan zopa pertzaren jaitsiera egin zuten herenegun hainbat herritarrek. Festen egitaraurik izan ez den arren, festa giroa izan dute segurarrek egunotan. Oraindik ere umore antzerki taldeak egindako azken bi esketxak ikusteko aukera izango dute bihar eta etzi.