Urretxuko Santa Barbaran gaur ospatuko dute San Joan eguna
Urretxun San Juan eguna gaur ospatuko dute, bezperan. «Ezin dugu eta ez dugu San Joan dela ahaztu nahi eta programa xume baina esanguratsua prestatu dute udalak eta festan parte hartzen dute eragileek», dio Urretxuko Udalak zabaldutako oharrak.
Halere, festarik ez dela egongo azpimarratu du administrazioak, «egoera honekin arduratsu izanda». «Asko dira San Joan festa oso gertutik bizi duten urretxuarrak, urteko gaurik motzenarekin eta egunik luzeenarekin harreman berezi bat dutenak, eta aurten denon hobe beharrez beren ohiturak moldatu edo bertan behera utziko dituztenak».
Meza eta su txikia Santa Barbara Ermitan izango dira ekintzak, ilunabarrean. Mezarekin hasiko da egitaraua, eta San Juan loreak bedeinkatzeko aukera egongo da. Ekitaldia bertsolarien saioarekin amaituko da. Irteeran, kanpai hotsek eta txalapartak lagunduta, inguruko baserritarrek San Juan Arbola ipiniko dute eta sua piztuko dute. «Kondairak dio gau magiko hau momentu aproposa dela gertakari eta kontu zaharrak sutan erre eta asmo berriei lekua egiteko. Aurtengo gertakizun txar guztiak erreko ditugu».
Herrigunean zehar, arratsaldean, Lizarriturri Txistulari Taldekoek kalejira egingo dute. Udalak arduratsu jokatzeko eskatu die herritarrei eta jende pilaketak ekiditeko. «Ekidin dezagun aurten festa, egin dezagun gure buruagatik eta ingurukoengatik, urretxuar guztiengatik, eta iritsiko da 2021a eta argituko gaitu ekaineko suak».
Bihar ez da inolako ekitaldirik egongo ez herrigunean ez eta Santa Barbaran ere. Bazkaltzera igo ezkero, pilaketak saihestu.