Uemak 'Bertatik bertara' ekimena jarri du martxan, tokiko altxorrak aldarrikatzeko
Goierrin Ataungo, Ezkioko, Gabiriako, Itsasondoko, Segurako, Zaldibiako eta Zeraingo udalek hartuko dute parte. Udalerri euskaldunen aberastasuna aldarrikatzeko kontzientziazio kanpaina izango da.
Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak ostiralean, ekainaren 19an, martxan jarri zuen Bertatik Bertara ekimena. Udalerri euskaldunek duten aberastasuna ikusaraztea eta aldarrikatzea du helburu, eta udalekin eta zerbitzu sektoreko eragileekin elkarlanean abiarazi dute. 61 udalek hartuko dute parte; Goierrin, Ataungoak, Ezkiokoak, Gabiriakoak, Itsasondokoak, Segurakoak, Zaldibiakoak eta Zeraingoak.
Covid19ak eragindako osasun krisia dela eta, batetik bestera bidaiatzeko moduek aldaketa sakonak izan dituzte. Uemak inguruko altxorrak azaleratu nahi ditu, bertako produktu, kultura eta ekonomian oinarritutako garapena ardatz izanik, betiere euskara erdigunean jarrita.
Lehenengo urratsa
Kanpainaren lehenengo euskarriak zabaltzeari dagoeneko ekin diote. Kontzientziazio kanpaina izango da lehenengo zati hori: jatetxe, taberna eta ostatuetan mahai gainean jarriko dituzte mantelak, eta dendetan eta udal eraikinetan kartelak. Guztiek, halere, ez dituzte formatu berdinak erabiliko. Izarra Urdalleta Segurako alkateak azaldutakoaren arabera, Seguran euskarri fisikorik ez erabiltzea erabaki dute. Kartelak eskatu dituzte.
Udazkenetik aurrera, ordea, bertako produktuak, lehen sektoreari laguntzeko ekimenak edo bertan oinarritutako ekonomia erak bultzatu dituzten herritarrentzako udal laguntzak zehaztu nahi ditu Uemak.
Osagarri gisa
Zerbitzuen sektoreak ekonomikoki beherakada izan duenez osasun larrialdia dela eta, hainbat udalek martxan jarri dituzte merkataritza edo turismoa suspertzeko kanpainak. Diru laguntzak ere eman dituzte hainbatetan. Ordizian, esaterako, bertako komertziorako bonuak eskaini dituzte. Bertatik Bertara ekimen eta proiektu horien osagarria izango litzatekeela adierazi du Uemako lehendakaria den Iraitz Lazkanok.
Seguran, esaterako, turismorik badago. Proposamena eskaera hori bertako aberastasunarekin betetzea dela azaldu du Izarra Urdalleta alkateak: «Turismoa badago; proposamena da euskara izan dadila turismoko indargune bat». Beraz, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak udalekin elkarlanean sortutako Bertatik Bertara proiektuaren lehenengo fase honetan herritarrak kontzientzitzea izango dute helburu.