Estatuak eta sentipenak
Ordiziako alkateari zuzendutako eskutitz ireki batean Urdanetako Andres fraidearen estatua kentzeko eskaria egin dute, «umilagarria» dela eta «probokazioa» dela argudiatuz
Ordizian dagoen Urdanetako Andresen estatua kentzeko eskaera iritsi da Argentinatik, eskutitz ireki batean. Carlos de Uraba kolonbiar jatorriko idazle eta dokumentalistak abiarazitako kanpaina da. Baina ez da gauza berria, 2017an ere eskaera bera egin baitzuen webgune desberdinen bidez. Orduan, aurreko alkateari, EAJko Jose Migel Santamariari, bideratutako eskutitz irekia izan zen. Baina, Urdanetaren irudiak, toki berean jarraitzen du. Gauzak horrela, berriz abiatu dute ekimena azken egunotan.
Gutunean adierazten denez, «monumentu honek Andres Urdaneta fraide-konkistatzailea, bi aldiz kriminala omentzen du, superheroi sakrosantu bat balitz bezala». Haren aurrean «bi indigena belaunikatzen dira». Uste dute, irudiak islatzen duena «umilagarria» dela, eszena bera «lotsagarri» bezala definituz. Gogora ekartzen dute, «Espainiako koroaren helburu nagusia ez zela ebanjelizatzea bakarrik, baita espoliazioa, lapurreta eta esklabotza ere».
Horregatik, gutunean eskatu dute, «estatua kentzea»,kalean jarraitzea, «benetako probokazioa» delako. Argudiatu dute, «Ordiziako herriak garrantzi eta karisma handiagoko figura historikoak gogoratzea merezi» duela, «eta ez espainiar inperialismoaren ordezkari bat».
Alkatearen erantzuna
Ordiziako alkatea Adur Ezenarrok horrela erantzun du: «Estatuak eta horrek irudikatzen duena ez da egokia, ezta bi indigenen papera, kokapena ez postura, ezta Urdanetako Andresen irudia, beti saldu digutelako, fraide baten irudia, ebanjelizatzaile baten irudia eta gero, hori ez da guztiz erreala».
Uste du, «historiaren errebisioa, egin beharko» litzatekeela, alde batetik, «datuak mahai gainean jarriz», eta bestetik, «ezin dugu ezta ere, garai hartako jokaera batzuk, gaur egungo gure testuinguru eta gizartean daukagun mailatik epaitu».
Urdanetako Andres, «beste modu batean gogoratu beharko litzatekeela» uste du. Gogoratu du, «alaba indigena ere ekarri» zuela, «beraz guztizko mespretxua ez zuen indigenekiko». Gainera, «hango hizkuntzak ikasi eta menperatu zituen, beraz, hor badago hurbiltze prozesu bat, argi eta garbi, espainiar inperioaren hedapen kolonizatzailearen barruan ematen dena, baina beste traza batzuk ere ematen dizkiguna».
Monumentuaren etorkizuna «ordiziarrek erabaki beharko» dutela esan du, nahiz eta momentuz ez dagoen ezer aurreikusita. Bukatzeko Ezenarrok gogoratu du, «estatuak irudikatzen duena, espainiar inperialismoak ezarri duen irudia» dela, eta badela garaia, «Urdanetari ‘fray’ hitza kentzeko, eta itsasgizon bezala gogoratzeko, Elkano izan zen bezala, benetan bere memoria gordetzeko».