«San Joan bezperakoa urteko kalejirarik jendetsuena izaten da»
Urretxuko San Joan jaietako ekitaldi gehienak atzeratu egin dira. Txistulariek kalejira egin zuten atzo, baina ez zuten suaren ondoan jo eta gaur ez dira Santa Barbarara igoko. Beretzat, urteko egunik berezienetako bat dela azaldu du Ander Lasak.
Noiztik txistulari?
Lehenengo kalejira 1995ean egin nuen, 10-11 urterekin. Musika eskolan pianoa ikasi nuen, baina ondoren atabalarekin eta txistuarekin hasi nintzen.
Norekin ikasi zenuen txistua jotzen?
Urretxuko txistulari taldean, Santi Gutierrezekin. Garai hartan Santi ibiltzen zen irakasten.
Aita txistularia zenuen. Bere eraginez hasi al zinen txistua jotzen?
Ez dakit. Pianoa jotzen ari nintzela, txistuak gehiago lotzen gintuela ikusi nuen. Talde handi samar bat hasi ginen txistua jotzen ikasten. Gainzuri ikastetxean ikasten genuen lagun kuadrilla bat.
Aitak gomendioak ematen al zizkizun?
Ez bereziki. Ez dut sekula txistua jotzera bultzatu ninduen sentsazioa eduki. Umetatik etxean txistuak ikusi ditut, ama tabernan lan egiten ari zenean entseguetara eramaten ninduen…, baina ez ninduen txistua jotzera bultzatu. Hori bai, txistua jotzen hasi nintzenean erraztasun guztiak jarri zizkidan eta irakatsi egin zidan.
Nola bizi dituzue San Joan jaiak Urretxuko txistulariek?
San Joan bezpera oso berezia da. Urteko kalejirarik jendetsuena izaten da, Euskal Jaiaren egunekoarekin batera. Bai gazteak eta bai beteranoak San Joan bezperako arratsaldea libratzen saiatzen dira, kalejiran parte hartzeko.
Gauean suaren ondoan ere jotzen duzue.
Niretzako behintzat, urteko gau berezienetako bat da.
San Joan egunean ere jotzen duzue.
Goizean, udalbatzako kideekin eta dantzariekin batera igotzen gara Santa Barbarara. Arratsaldean erromerian eta jaitsieran jotzen dugu. Parrandarako oso egun aproposa da eta oso ondo pasatzen dugu.
Atzo ez zen surik piztu eta gaur ez da erromeriarik egongo.
Pena da. Hasieran, koronabirusa heldu zenean eta konfinamendua hasi zenean, dena nahiko beltz jarri zuten. Deseskalada hasi zenean, zerbait egiteko aukera ikusi genuen. Azkenean, ezer ez egitea erabaki da.
Atzo kalejira egin zenuten, behintzat.
Udalak jendea bildu dezaketen ekitaldiak bertan behera uztea erabaki du, baina kalejirak ez du jenderik biltzen. Izan ere, jendea ez da gure atzetik etortzen. Ez da kalera ateratzen gu ikusteko. Hori dela eta, kalejira mantentzea erabaki genuen. Ordua aurreratu genuen, Santa Barbarako ekitaldiekin ez egiteko.
Surik gabeko San Joan gaua…
Arraroa. Surik ez, baina aldi berean jende pila bat kalean. Kontraesankor samarra da beharbada, baina tira…
San Joanetako ekitaldiak antolatzeak lan handia ematen du?
Suaren ingurukoak ez, urtero antzekoa izaten baita. Entsegu pare bat egiten dugu parte hartu nahi duten herritarrekin. Egia esan, ez da jende asko etortzen entseguetara. Erromeriak ere entsegu batzuk eskatzen ditu.
Gustuko tokian aldaparik ez, gainera.
Hala da, baina urteko garai honetan ekitaldi asko pilatu ohi dira: San Joan jaiak, Zumarragako jaiak (dultzainerook Santa Isabel jaietan jotzen dugu)… Egun gutxitan lan asko egin behar denez, entseguak bizi samarrak izaten dira. Aurten ez da hala izango…
Urretxuko txistulari taldeak garai ona bizi al du?
Ez nuke garai onenean gaudenik esango. Kuadrilla polita dugu (dozena bat gazte eta 20 bat beterano), baina jendea erakartzeko zailtasunak ditugu. Txistua ez dago modan. Jendeak beste instrumentu batzuetara jotzen du. Taldeko gazteenak heldu izatetik gertu daude eta ez dugu haur talderik. Lehen beti lauzpabost haur izaten genituen eta egungo gazteenak unibertsitate ikasketak bukatu ditu eta lanean hasi da jada. Alde horretatik, zailtasunak ditugu.
Zer esango zenieke haurrei txistua jotzera animatu daitezen?
Niri txistuak lagun talde handi bat eskaini dit. Baita oso une politak bizitzeko aukera ere. Ez dakit gaur egungo gazteentzako hori nahikoa den edo beste mila gauza dauzkaten. Guk hori bizi izan dugu eta hori transmititzen saiatzen gara.