Azkar nahiko bozak, erdibidean
Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpaina hasi da. Deialdia egiterako eman dute zeresana: aurreratuak behar zutenak atzeratuta. Posta-botoa ugarituko da
Azkar ibili nahi duenari gertatu ohi zaio lehenengo ez iristea. Eusko Legebiltzarrerako aurtengo hauteskundeei bezala. Normaltasun batean udazkenean behar zutenak udaberrira aurreratu zituen Iñigo Urkullu lehendakariak, eta Covid-19 koronabirusaren alarma egoerak azkenean erdibidean utzi ditu: uda betean. Uztailaren 12an egingo dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoako legebiltzarra aukeratzeko 12. hauteskundeak, eta bart gauerdiaz geroztik kanpaina abian da.
Birusaren izurriteak eta alarma egoerak baldintzatuta joango dira goierritarrak ere hauteslekura. Joaten direnak; sekula baino posta bidezko boto gehiago ari direlako bideratzen eskualdeko hautesleak. Uztailaren 2ra arte dago etxetik bozkatzeko aukera. Prozeduraren lehenengo hilabetean, jada 2016an halako bost dira botoa posta bidez bidaliko dutenak: 84.581 EAEn (duela lau urte, 17.778), eta 21.259 Gipuzkoan (5.257 2016an).
Alderdiek eta jaurlaritzak berak posta-botoa bideratzeko deialdi bereziak egin dituzte, maiatzaren 19an hauteskundeak deitu zirenetik. Ohi baino alderdi gehiagok indartu dute aukera hori.
Espainiako Postak burutuko du oraingoan ere etxetiko boto bilketa. Aste honetan hasi dira hauteskunde dokumentazioa ematen botoa eskatu dutenei. Eskura emateko bi saiakera egiteko konpromisoa hartu du Correosek, eta bestela postetxean jaso beharko du norberak. Dokumentazioa jasotakoan, botoa gutunazalean sartu eta zuzenean postariari eman diezaioke; frogagiri bat jasoko du trukean.
Goierriri buruz, zer?
Hemezortzi alderdik aurkeztu dituzte hautagaitzak Eusko Legebiltzarrerako, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako barrutietan denera. Gipuzkoan, 14 alderdik.
Legebiltzarreko 75 zizeiluak berrituko dira, herrialde bakoitzeko 25na ordezkari hautatuta. Hautagaitzetan 15 goierritar daude, sei alderditakoak. Zerrendan atzera doaz, ordea. Aukeratua izateko goierritar bakarrak du benetako probabilitatea.
Alderdien programei dagokienez, Goierriri buruzko aipamen oso gutxi jaso dituzte. EAJk, Euskadi zutik leloarekin, 428 orrialdeko programa atera du. Eskualdeko hiru aipamen dakartza, beste horrenbeste promesa agintzeko: Goierriko ESI osasun antolamenduan «bloke kirurgikoak modernizatu eta handitu»; Ordizian lehen mailako osasun arreta zerbitzuan «azpiegitura berriak ireki»; eta Ezkion Abiadura Handiko Trenaren geltokia eraiki.
EH Bilduk, Egiteko prest leloa duen programan, Goierriko bi herriren aipamena egin du soilik, eskualdeari dagozkionak. Euskara hiztunen galera EAEko 40 herritan baino gehiagotan azkartu dela dioen pasartean, Zerain eta Zegama aipatu ditu.
PSE-EEk, bere aldetik, euskaraz ez du atera programa. Goierrirako proposamen zehatzik edo aipamenik ez du atera, Soluciones-Erantzunak goiburudun egitasmo-eskaintzan.
«Osasuna», ororen aurretik
Apirilaren 5erako estreinakoz diseinatutako mezuak eta promesak aldatu behar izan dituzte alderdiek, uztailaren 12rako. Osasun larrialdi egoerak eman die heldulekua. EAJren programan, adibidez, hitz gako usuenen artean, osasun hitza 91 orrialdetan ageri da; EH Bilduren programan, 63 orritan.
Mezuetan ezezik, fisikoki ere aldaketak eragingo ditu osasun-segurtasun araudiak. Kanpainan, lehenbizi, metro eta erdiko tartea mantendu beharko da, eta eserita egon beharko dute entzuleek. Goierrin, lehen ekitaldia bihar 12:30ean da, Ataungo San Gregorion. EH Bilduko Esti Elduaien ariko da.
Bozketa egunean, bestetik, hauteslekuak egokitu eta sarrera kontrolatuko da; kanpoan itxaron beharko dute boto emaileek.
KONTZEPTU ERABILIENAK
Alderdien arreta-guneen adie-razle izan daitezkeelakoan, honaGoierrin ordezkaritza eta babeshandiena duten biek programe-tan sarrien erabilitako hitzak:
EAJ. Osasun (91 orritan), enplegu (81), ekonomia (73), industria(71), ingurumen (52), klima (36),euskara (43), ongizate (22), auto-gobernu (12), erabakitze eskubide (3), independentzia (0), subi-rautza (0), konpromiso (324).
EH Bildu. Osasun (63), enplegu(47), ekonomia (35), industria (26),ingurumen (19), klima (17), euskara (36), ongizate (12), autogobernu (7), erabakitze eskubide (10), independentzia (3), subirautza(3), konpromiso (61).